Podemos-ek 1.057 papertxo sepia jaso ditu Hondarribian
EAJk irabazi ditu foru hauteskundeak herrian, baina udal bozetan baino 400 boto gutxiagorekin. EH Bildu bigarren geratu da eta Podemos hirugarren.
Podemos fenomenoa
EAJ eta EH Bilduren atzetik Podemos izan da hirugarren indarra foru hauteskundeetan, 1.057 botoekin. Udal bozetan emaitza horrekin bi zinegotzi lortuko lituzke, baina ez dirudi Pablo Iglesiasen jarraitzaileek Hondarribiko udalean hain indartsu sartzeko beharrezkoa den egitura dutenik herrian. Podemosen 1.057 botoak nondik iritsi diren jakitea ez da erraza. Zuriak baino papertxo sepia gutxiago zenbatu dira eta, hortaz, litekeena da Ahal Duguren bozkatzaile gehienek bi hautaketetan parte hartu izana. Udal hauteskundeetan foraletan baino boto gutxiago jaso dituzte EAJk (400 inguru), PSE-EE (160), eta PPk (230), baina popularren botoak nonbaitera joatekotan pentsa daiteke Ciudadanos taldera joan direla —195 lortu ditu—. Eta ezker abertzalean alde handia izan da bi bozen artean, batez ere, azken bi urtean bizitu duten barne krisiaren ondorioz. Duela lau urte Bilduk ia boto kopuru bera jaso zituen bi bozetan, eta fideltasunari jarraituz, aurten gauza bera gerta zitekeen gatazkarik izan ez bazen. Baina ezker abertzaleak udalerako 2.310 boto batu ditu, eta EH Bilduk 1.606 foraletarako, 704 gutxiago, orain arteko ohitura hautsiz. Abotsanitzek kopuru hori bikoiztu du munizipaletan (1.443). Hau da, edo Ortzi Alonsoren zerrenda bozkatu dutenen erdiak ez dio foraletan EH Bilduri botoa eman, edo Abotsanitzen botoen erdiak beste jatorri bat izan du, edo bietatik zerbait. Hondarribiarrek foru hauteskundeetan izan duten joeraren analisia bukatzeko, Irabazik —2011n Ezker Batua Berdeak— eta UPyDk hondoa jo dute —124 eta 39 boto baino ez—, baina euren galera ez da bortitza izan, progresiboa baizik. Modu batekoa ala bestekoa, argi dago bai Irabazi bait UPyD jarraitzen zutenek, erakargarriagoak zaizkien alternatibak aurkitu dituztela.Foru hauteskundeak Hondarribian
- EAJ. 3.880 boto
- EH Bildu. 1.606
- Podemos. 1.057
- PSE-EE. 644
- PP. 395
- C’s. 195
- Irabazi. 124
- UPyD. 39