Jeltzaleek hamar zinegotzi eskuratu dituzte. Abotsanitz bigarren geratu da, hiru zinegotzirekin, eta EH Bildu hirugarren, birekin. PSE-EEk hautetsi bat galdu du eta PPk ozta-ozta gainditu du bozen %5a.
Txomin Sagarzazu, botoa ematen
Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) irabazi ditu udal hauteskundeak Hondarribian, eta alde handiz gainera. Txomin Sagarzazu buru duen zerrendak botoen erdia baino gehiago eskuratu ditu (%54,61), eta udaleko hamazazpi zinegotzietatik 10 lortu dituzte jeltzaleek. Urruti, oso urruti geratu dira besteak. Abotsanitz indartsu estreinatu da udalean, hiru eserlekurekin, eta EH Bilduk baino 576 boto gehiago jaso ditu. PSE-EEk bi zinegotzietatik bat galdu du eta PPk ozta-ozta eutsi dio bereari.
Garaipen historikoa lortu du EAJk Hondarribian, eta gehiengo absolutoz gobernatuko du 2019ra arte. Zehatz-mehatz zer gertatu den aztertzeko goizegi bada ere, argi dago Hamaikabaten poltsa osoa bereganatu duela EAJk, bere botoak mantendu dituela, eta beste berri asko jaso dituela.
Ezker abertzalea banatuta aurkeztu da udal hauteskundeetara eta banaketa horretan Abotsanitz alderdi berria irten da garaile, botoen %18,47a eta hiru zinegotzi lortu baititu. Bilduk bozken %11,10 bereganatu ditu, eta bi zinegotzi mantendu ditu, hiru galduta.
Ezker abertzaleak orain arte zituen bost eserlekuak okupatuko ditu, eta bi alderdien batura eginez, ez du nabaritu EH Bilduk Gipuzkoan izan duen galera handia. Duela lau urte Bilduk eta Aralarrek 2450 boto zenbatu zituzten, eta aurten Abotsanitzek eta EH Bilduk (Aralar barne), 2310, 140 papertxo gutxiago. EAJk gehiengo osoa lortu duenez, oposizioa egiteko zail izango dute ezker abertzaleko bost hautetsiek.
PSE-EEk eta PPk, bana
PSE-EEk bi zinegotzietatik bat galdu du, eta Iosu Alvarez egungo bozemalea izango du hurrengo lau urteetan sozialisten ordezkari bakarra. Halere, sozialisten galera oso txikia izan da, portzentaian %0,05, eta bozetan 65 irabazi dituzte gainera. Errolda handiagoa izateak eta parte hartzearen gorakadak kalte egin diote PSE-EEri, eta eserleku bakarrarekin ekingo diote legealdeari. Alde, Podemos ez aurkeztea izan dute sozialistek —
foru hauteskundeetan 1-057 boto lortu ditu Podemosek—, pentsatzekoa baita Podemosek munizipaletan parte hartuz gero boto batzuk kenduko zizkiola PSE-EEri.
Mendeluko mahaiak izan ziren azkenak
Joxemi Otxoteko popularrak zinegotzi izaten jarraituko du beste lau urtez, oso gutxigatik bada ere. Ia 200 boto galdu ditu Otxotekok, baina lehen zinegotzia ematen duen %5eko koska gainditu du (5,25), eta horrek eserlekua eman dio. Azken ordura arte ez zuen PPk eserleku hori lortu. Datuen %90a zenbatuta, botoen %4.92a zuten popularrek, eta zenbatu ziren azken mahaiek eman zioten Otxotekori bere eserlekuan jarraitzeko aukera.
Parte hartzeari dagokionez, abstentzioa %37,55koa izan da, duela lau urte baino puntu eta erdi baxuagoa. Barne Ministerioak atzo eguerdian emandako datuen arabera, bozkatzeko aukera zuten hondarribiarren %37,67a hurbildu zen hautes mahaietara 14:00ak baino lehen. Bigarren aurrerapenean, aldiz, puntu eta erdi goitik, %48,30a 2011 urtean eta %49,83a atzo. Arratsaldeko seiretakoa zen bigarren datua. Hortik aurrera, joera mantendu egin zen.
Bost koloreko udala
Hondarribian bost hautagaitza ziren lehian eta bostek lortu dute ordezkaritza. Aurkeztu, 2011n baino bi gutxiago aurkeztu dira—Abotsanitz ez zen orduan aurkeztu, baina bai Hamaikabat, Aralar eta Ezker Anitza—. Jon Elizalde (Hamaikabat) aurkeztu ez denez, eta Abotsanitzek ordezkaritza lortu duenez, bost izango dira hurrengo agintaldian udaletxeko areto nagusian eseriko diren alderdiak, azken lau urteko kopuru bera.
Irabazleari, EAJ-ri dagokio gobernua osatzeko elkarrizketak abiatzea, baina bistan da ez duela laguntzarik beharko erosotasunez gobernatzeko. Izan ere, emaitza historikoak lortu dituzte jeltzaleek eta Txomin Sagarzazu motxila arina jantzita ekin ahal izango dio bere lehenengo agintealdiari.
(*) Emaitzak ez datoz guztiz bat papereko edizioan argitaratutakoak. Paperekoan atzo gaueko emaitz ofizialak jasotzen dira, eta albiste honetan, azkeneko berrikuspena jasotzen da. Iturria: Eusko Jaurlaritza.
Hondarribiko emaitzak
- EAJ. 4.267 boto. 10 zinegotzi.
- Abotsanitz. 1.443 boto. 3 zinegotzi.
- EH Bildu. 867 boto. 2 zinegotzi.
- PSE-EE. 810 boto. Zinegotzi 1.
- PP. 427 boto. Zinegotzi bat.
Iturria: Eusko Jaurlaritza.Emaitzak sakonago