Lehen aldiz aurkezten da alkategai Hondarribian, baina Txomin Sagarzazu jeltzaleari ez zaio eskarmenturik falta udalean. Igandetik aurrera Aitor Kerejeta alkateak utzitako eserlekuan eseri nahi du, eta horretarako buru belarri ari da hauteskunde kanpainan.
Lehen aldiz aurkezten da alkategai Hondarribian, baina Txomin Sagarzazu jeltzaleari ez zaio eskarmenturik falta udalean. Igandetik aurrera Aitor Kerejeta alkateak utzitako eserlekuan eseri nahi du, eta horretarako buru belarri ari da hauteskunde kanpainan.
Zer moduz doa kanpaina?
Ederki. Kanpaina aurrean hainbat alderdikide, lagun, herritar eta eragilerekin egindako lana orain ari gara gizarteratzen eta harrera ona jasotzen ari gara. Halaxe jaso dugu herritarrengandik. Gure taldean lehenbiziko momentutik sortu den konplizitate giroak errazago eta goxoago egiten du lankidetza, bide batez, neure esker ona agertu nahi nieke taldeko guztiei lerro hauetatik. Beste hautagaiekiko harremana ere egokia izan da egin ditugun debateetan. Bigarren astekotz listatutako egitekoak gogoz eta kemenez egingo ditugulakoan nago.
Baduzu eskarmentua udalean, baina alkategai bezala lehen aldiz aurkezten zara. Nola daramazu?
Ilusio eta gogo handiz. Herritarren alde lan egiteak ilusioa sortzen dit eta kanpaina boladak hori areagotu dit. Eta gure proposamena eta pertsonak Hondarribikotz txol egokiak direla uste dudanez, gogo handiz ari naiz. Bestetik, errespetuz eramaten saiatzen naiz: errespetua konfiantza eman didatenei, errespetua atxikimendua adierazten didatenei, errespetua beste herritarrei gure proposamenak hurbilarazteak ez baitu esan nahi beuren bizitzan sartzeko eskubidea ematen digunik. Eta arduraz, demokrazia biziaraztea gutako bakoitzaren ardura dela uste dudalako.
Ez zara bakarrik aurkezten. Zer nabarmenduko zenuke EAJren hautes zerrendatik?
Herriarekiko konpromisoa eta taldearen oreka. Herri-zerbitzua dugu helburu eta gobernu-talde orekatua egiteko zerrenda osatu dugu: badugu udal funtzionamenduaren ezaguera, beraz, agintaldiko lehenbiziko egunetik jarriko dugu martxan erakundea, eta badugu lanean aritzeko gogo bizia eskarmentu gutxiagokoengan. Badugu herriko gizarte, auzo, kultur eta kirol arloetan ari den jendearen ekarpena eta badugu alderdikideen eta alderdikide ez garenon arteko lankidetza egitasmo bat gauzatzeko. Adinez ere askotarikoak gara eta gazteak erantzukizuna hartzeko prest daude. Eta zintzo lan egingo dugu Hondarribiaren alde euskara jendaurrean eta lanean egunero erabiliz.
Eta programan, zeintzuk dira puntu garrantzitsuenak?
Lehenbizi Hondarribia Abian plana aipatuko nuke. Hiriko ekonomia eta gizartea biziberritzeko proiektuak bultzatzeko erabiliko dugu: ondarea (Alde Zaharra Biziberritzeko Plangintza), nekazaritza eta arrantza ekoizpena (Azoka, Agroaldea, Enplegu Berdea), lehengaiak eraldatzea eta eskulangintza (Hondarribia-Craft), turismo, ostalaritza eta salerosketa zerbitzuak eta berrikuntza eta enpresa garapena. Eta Zubieta-Urdanibian Gipuzkoako Parke Teknologikoa jartzea bideratuko dugu.
Azpiegiturei dagokienez, Donostia kaleko lur azpiko aparkalekua egingo dugu Portu auzoko salerosketa eta aisialdi eremura sarbide hobea eskaintzeko eta beste administrazioekin lankidetzan Benta Zaharreko eremua berriritartzea bultzatuko dugu.
Eta gure kultur ekipamenduen mapa bukatuko dugu eta Kultur Jardueraren Plana idatziko dugu: Udal Artxibo berria Egiluz jauregian jarriko dugu, erakusketa-gela Kultur Etxean eta Hondarribiko Kultur Jardueraren Planean jasoko dugu Udalak herritarrei egingo dien kultur eskaintza.
Alkatetza lortuko bazenu, zein izango da hurrengo lau urteetan udalean lan egiteko modua?
Lankidetza giroa sustatu nahi dugu eta horretarako ezberdinen artean elkarrizketa erabiliko dugu. Zintzo lan egingo dugu eta sistematikoki ebaluatuko dugun jokabide kodea sinatuko dugu. Gure diru kudeaketa arduratsua eta zorrik gabea izango da: ez dugu gastatuko esku artean duguna baino gehiago. Herritarren parte hartzea erraztu eta gardentasuna emango diogu web gune berrituari. Herritarrek parte hartzeko egitasmoa aurrekontuen prozesuan parte hartzearekin hasiko da; udal web gunea eraberrituko dugu eta bertan modu egokian emango dugu legealdi-planaren, aurrekontuen, kontratuen eta lehiaketen berri. Udal gardentasunaren kudeaketa plana egingo dugu. Lidergoa talde-lanean oinarrituko da: elkarrekin lan egingo dugu bakoitzak dagokion erantzukizunarekin eta talde-lanaren indarra herritarren zerbitzura aritzeko gaitasun modura erabiliko dugu. Udal eta herri zerbitzuak hobetzea izango da gure helburua.
Non jarraituko duzu zenbaketa? Zerbait berezia antolatu al duzue?
Batzokian zerrenda kide, alderdikide eta alderdi zaleekin batera. Bakoitzak egindako lana aitortzeko modua da elkarrekin egotea. Elkarrekin aztertuko dugu nola joan den eguna, emaitzak partekatuko ditugu, hausnarketa egingo dugu eta gero… bakoitza bere etxera, hurrengo egunean lanari berriz ekiteko.
Egin al duzu kinielarik? Zenbat zinegotzi lortuko dituzuela uste duzu?
Ez, ez dut kinielarik egin. Guri dagokigunez, axola handiena duena gure taldeak eta proiektuak herritarren konfiantza jasotzea da. Konfiantza horrek gehiengoa ematen badigu, zintzo lan egingo dugu, eta ematen ez badigu, berdin-berdin ekingo diogu lanari lehenbiziko momentutik.