Euskararen ibian lehen hondar alea jarri zuten ostiralean. Euskara sustatzeko parte hartze prozesuko bigarren bilera hilaren 29an egingo dute eta azkena ekainaren 12an.
Euskararen ibian lehen
hondar alea jarri zuten ostiralean. Ia 60 pertsona hurbildu ziren euskararen erabilera sustatzeko Kultur Etxean egin zen bilerara, eta udalarekin adostutako aretoa txiki geratu zitzaien. Hiru orduz, euskararen inguruko kezkak, iritziak, zalantzak eta aukerak elkar trukatzen aritu ziren, eta prozesuaren bultzatzaileek balorazio oso positiboa egin dute, “gerturatu jende kopuruarengatik eta sortutako giroarengatik”.
Aretoa txiki geratu zitzaien
Beste bi egunez luzatuko da parte hartze prozesua. Maiatzaren 29an eta ekainaren 12an egingo dituzte bigarren eta azken saioak, hiru ordukoak horiek ere. “Helburua
Hondarribian euskararen inguruan dinamika berri bat sortzea litzateke eta horretarako Topagunea elkartearen laguntza izaten ari gara prozesua dinamizatzeko”, adierazi du Jaime Altunak.
Altunak azaldu duenez, ostiralean egoeraren diagnosi bat egiten saiatu ziren, eta etorkizuneko ikuspegi bat antzematen: “Lehen egunean dinamika ezberdinak egin ziren Hondarribian euskararen presentzia nolakoa den diagnostiko konpartitu bat egiteko eta hamar urte barru herria nola ikusten den irudikatzeko”. Erantsi duenez, herritarren artean “euskararen inguruko kezka badagoela nabarmendu ahal izan zen, baina, era berean, jarduera eta dinamika berriak aktibatzeko gogoa sumatu zen”.
Datozen egunetan ekintza ezberdinak irudikatzearekin batera, jarduera hauek garatzeko antolaketa egokiena zein izan daitekeen erabakiko dute. Hilaren 29an da bigarren saioa, 18:00etatik 21:00etara, Kultur Etxean. Antolatzaileek nabarmendu dute lehen saioan agertu ez zirenek aukera badutela beste saioetara joateko, eta ekimena “herritar guztiei irekia” dela gogoratu nahi izan dute.
Parte hartze prozesuari buruz gehiago jakin nahi duenak sare sozialetan bila dezake,
Facebook eta
Twitter-en ireki dituzten orrietan.