Koalizioak "herritarren gehiengoaren interesak" defendatzen dituela adierazi dute idatzi batean
Irungo hainbat sindikalista eta norbanakok agerraldia egin dute datorren igandeko hauteskundeei begira. Idatzi bat irakurri dute, Irungo langileen egoera salatuz, eta “langile borroka hautestontzietara” eramateko deia eginez.
Sindikalistek agerraldia egin dute goizean
Horrela, esan dute hirian 5.125 langile daudela lanik gabe, eta lanean ari direnen egoera txarra dela ziurtatu dute: “Zatikako kontratu prekarioak, ehunka langile hitzarmenik gabe, gazteak lan merkatura esklabotza egoeran sartzen edo besterik gabe, atzerrira joaten”.
Krisi ekonomikoa botere ekonomiko, finantzario eta politikoak sortu zutela gaitzetsi dute, “eta krisiaren sorrerarekin zerikusirik ez zutenak” ordaintzen ari direla salatu dute. Eliteek “izen-abizenak” dituztela zehaztu dute, eta gaur euren ustez errudun diren horiek salatu dituzte banan-banan. “Gipuzkoan ustelkeriaren txapeldun” bezala izendatu dute EAJ, eta enpresari handien mesedetan lan egiten dutela gaitzetsi dute, “langileen eskubideak zanpatzeko beti ausart” daudela iritzi dute.
PPrentzako ere hitz gogorrak izan dituzte: “Euren arbaso ideologikoen defendatzaile sutsuak dira, langileen eskubideak soberan daude esplotatzaile hauentzako. Espainiako
demokrazia ezartzen duten lege erreformen bitartez, langileen miseria sortuz. Irunen, gainera, horrekin
alardeatzen dute”.
PSEri buruz adierazi dute “poltrona” bakarrik interesatzen zaiela, eta Irungo ordezkari nagusiak “politikari profesionalak” direla. “Langileriaren sufrimendua arrotz egiten zaie, aspaldi utzi baitzioten langile klasearen parte izateari”, gaineratu dute. Hiru alderdi horiek “Irungo Troika” direla berretsi dute.
Horren aurrean, langileen interesak defendatu behar direla uste dute, eta ez hori bakarrik: “Borroka egunero egin behar da, bizitzako arlo guztietan”. Ildo horretan, “biharko Euskal Herria eraikitzeko” bi eredu daudela aipatu dute. Alde batetik, “honaino ekarri gaituena; merkatua eta bere interesak defendatzen dituztenak” daude. Bestetik, herritarren gehiengoaren interesak defendatzen dituztenak. Eurek bigarren ereduaren alde egin dute, “gaurko eta biharko Irungo langileek etorkizun duin bat izatearen alde”. Horregatik, jakinarazi dute “troikaren aurrean benetako alternatiba bakarraren alde” egingo dutela, “EH Bilduren alde”.