Preferentera ez jaisteko Usurbilen kontra irabazi behar du Hondarribiak. Berdinduz gero, Zarautzek edo Bergarak, bietako batek irabaziko ez balu, ere salbatuko lirateke berdeak.

Jaitsiera uxatzeko azken unera arte borrokatu beharko dute berdeek
Beste behin, jaitsiera Hondartzan erabakiko da. Beste behin, salbazioa etxean lortzeko aukera izango du Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak. Asteburuan bukatuko da Ohorezko Mailako liga, eta jaitsiera jokoan, hil ala biziko partida bat jokatuko dute Hondartza futbol zelaian. Hondarribia eta Usurbil izango dira aurrez aurre, eta bietako bat ia seguru jaitsiko da Preferentera, edo biak.
Asteburuan Anaitasunaren etxean galdu zuen Hondarribiak (3-0). Jaitsierari izkin egiteko bigarren aukera galdu du taldeak, baina Donostiako porrota ez zen tragedia bat izan, talde indartsua delako Anaitasuna. Hori bai, duela bi aste Zarautzi ez irabaztearen ondorioz, azken hamabost egunetan gauzak asko korapilatu zaizkie hondarribiarrei. Puntu bakarra lortu dute, eta atzetik datozenek hori baliatu dute tartea jateko.
Azkenean hiru taldek galduko dute maila —Hirugarren Mailatik ez da gipuzkoarrik jaitsiko—, eta azken partida galdu eta gero Antzuola dagoeneko Preferenteko taldea da. Beste bi talde zehaztu behar dira eta lau hautagai daude: 32 puntu ditu Usurbilek, eta 33 puntu hiru taldek, Bergarak, Zarautzek eta Hondarribiak.
Average-a alde
Hondarribiak du errezen, besteekin average-a alde duelako. Hortaz, irabazita salbatuko da, eta berdinduz gero ere aukerak ditu, Zarautzek eta Bergarak, biek irabazi beharko luketeelako Hondarribia zulora bidaltzeko. Bi talde horiek galduko balute, biak jaitsiko lirateke Antzuolarekin, Hondarribiak Usurbilekin galduta ere. Nolanahi ere, azken jardunaldian gauza arraro asko gertatu ohi da, eta bikingoen aurkariek ia ezer jokoan ez duten taldeen kontra jokatuko dute.
Gauzak horrela, Hondarribiari bere partida irabaztea komeni zaio, besteen zain ez geratzeko. Eta matematikoki errezen duen arren, partida zailena du, Usurbilek nahitaez irabazi behar duelako. Beste behin, Hondartzako harmailak txiki geratuko dira ligako azken partidan. Larunbatean erabakiko da Ohorezko Mailako liga, 17:30ean, Hondartza futbol zelaian.