Loreto Mauleon, Aitaren Etxea telesailerako jantziak probatzen
Ostegunean hasiko dira Pausokak Euskal Telebistarentzat egingo duen
Aitaren Etxea telesaila Hondarribian grabatzen. Alde Zaharrean egingo dituzte lehen grabaketak, eta bizilagunei etxeetako fatxadetatik elementu garaikideak kentzeko eskatu dizkiete. Izan ere, 1950.eko hamarkadan girotutako telesaila izango da
Aitaren Etxea.
Grabaketarako Kale Nagusia eta San Nikolas kaleak moztuko dituzte, eta horrek eragina izango du trafikoan. Hala, 07:30etik 13:30era autoek ezingo dute bertatik pasa. “Leiba generala kaletik Denda kalera joan beharko dute eta handik Juan Labordatik atera”, abisua eman du Hondarribiko Udalak.
Udazkenean hasiko dira
Aitaren Etxea emititzen ETB1ean. Telesailak hotel baten jabe den familia baten kontakizuna egingo du. 1936ko gerraren ostean familia horrek zailtasunak izango ditu, eta maitasun istorioek ere izango du pisurik telesailean. Diktadura garaiko langileen mugimenduaren ekintzak ere izango dira tartean.
15 atal
Jabi Elortegi da zuzendaria, eta aktore taldean, besteak beste, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Loreto Mauleon, Felix Arkarazo, Kandido Uranga, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe eta Ander Azurmendi daude. Orotara, ordubeteko hamabost kapitulu ekoitziko dituzte, zortzi astetan grabatuko dituztenak. Baina Jabi Elortegi zuzendariak erantsi duenez, “telesail handi baten hasiera izatea” nahi dute.
Hondarribiaz gain, Zestoan eta Legazpin ere grabatuko dute
Aitaren Etxea, eta figuranteen artean, hiru herrietako biztanleak azalduko dira. Pausokak jakinarazi duenez, ez dute estudioan ezer grabatuko, den-dena kokapen naturaletan egingo dute.