Lehen aldiz aurketu da udal hauteskundeetara Lore Erriondo EH Bilduko ordezkaria, eta alkatetzarako hautagai bezala egin du gainera. Etxekoek eta ingurukoek erabakia hartzen lagundu diotela onartu du, baita zerrendako gainontzeko kideek ere.
Lehen aldiz aurkeztu da udal hauteskundeetara Lore Erriondo EH Bilduko ordezkaria, eta alkatetzarako hautagai bezala egin du gainera. Etxekoek eta ingurukoek erabakia hartzen lagundu diotela onartu du, baita zerrendako gainontzeko kideek ere.
Zer moduz doa kanpaina?
Kanpaina bizi-bizi doa, elkarrizketak, debateak, mitinak, auzotarrekin batzarrak, sare sozialen jarraipena, eta hau guztia lanean nagoen bitartean. Zenbait momentutan zaila da guztia lotu eta orekatzea, baina eskerrak etxekoak eta ingurukoak lagundu eta zaintzen nauten. Nolanahi ere jendearen jarrerak eta harrerak samurragoa bilakatzen du, baina aitortu beharra daukat badudala guzti hau pixka bat baretzeko gogoa eta lanean hastekoa; hori baita nire habitat naturala.
Lehen aldiz aurkezten zara udal hauteskunde batzuetan, eta alkategai bezala gainera. Nola daramazu?
Arrazoi duzu, lehen aldia da udal hauteskundeetan aurkezten naizena, eta lehentxoago esan bezala gustura banabil ere, badut sosegu pixka baten premia. Hala ere, ohituta nago nire lanetik aparte erantzukizun handiak izaten kulturgintzan eta euskalgintzan, eta ez nau ustekabean harrapatzen. Ez naiz berria militantzian, ez talde-lanean, ez proiektu ilusionagarriak bideratzen… eta hau lagungarri gertatzen ari zait, baina eratzunkizuna handia da, herri oso baten,
herritarren ongizateaz ari gara; ardura handia da hori, eta tamainan erantzuten saiatzen ari naiz eta saiatuko naiz aurrerantzean ere.
Ez zara bakarrik aurkezten. Zer nabarmenduko zenuke EH Bildu-ren hautes zerrendatik?
Eskerrak taldeari, bestela ez litzaidake burutik pasa ere egingo aurkeztea. Taldeak ematen dit babesa, iritzi trukea, errealitate puntua hainbatetan. Taldeko kideak, adin eta jarduera esparru anitzekoak izanik ikuspegia zabaltzen laguntzen didate. Arlo bakoitzeko ñabardurez jabetzen. Errealitatearen arragoa irudikatzen dute. Haien konpromisoak, ilusioak eta prestutasunak nekeak arintzen ditu, segurtasuna transmititu. Batzuk lehendik ezagutzen nituen eta beste batzuk orain ezagutu berri ditut, lanean, bai gainerako zerrendako kideak bai eta batzordeetan dabiltzan kideak ere: alorkako eztabaidatan, egitasmoak eraiki, kontrastatu, ekarpenak jaso, adostu eta idazten, ekitaldiak diseinatu eta prestatzen, lana antolatu eta banatzen…. Irakasleak ditugu, arrantzaleak, etxekoandreak, euskaltzaleak, jubilatuak, langileak, ikasleak, osasun arlokoak; zientziatakoak, letratakoak, artistikoak eta bestelakoak eta guztiak elkartzen gaitu Hondarribia justuagoa, solidarioagoa, parekideagoaren alde lan egiteko gogoak.
Eta programan, zeintzuk dira puntu garrantzitsuenak?
Erronkarik handiena herri kohesioa dugu; kohesio hau areagotzea lortuko bagenu, edozein esparrutako emaitzak biderkatu egingo liratekeelako, herria aktibatzea lortuko genukeelako eta modu eraikitzailean parte-hartzea, iritzi desberdinak azaldu eta partituaz, adostasunetara iritsi eta elkartasuna trinkotu. Herri kohesioarekin auzo, lanbide, adin, genero, etxebizitza, kultur, euskara, inguru edo dena-delako esparruetan bat eginda urratsak eraginkorragoak bilakatzen baitira, eta edozein helburu hurbildu egiten du.
Gizarte ongizateak kezkatzen gaitu, errealitate gordina erakutsi digute auzoetan, baina baita honi aurre egiteko konpromisoa ere eta elkartasuna. Tamainan erantzuteko premia dugu, bai langabezia gutxitzeko saiakeran, bai gizarte zerbitzuetarako baliabideak areagotzean, bai nekazaritza, arrantza, merkataritza, turismo, teknologia eta kultur sorkuntza alorretan proiektu berritzaileak sustatzen. Alokairu soziala da sustatuko dugun irtenbidea gazteak ahalduntzeko eta ez dugu utziko inor etxerik gabe, kale gorrian, jatekorik gabe.
Ezin baztertu dugun alorra da ingurunearena. Altxor preziatua dugu hondarribiarrok, eta etorkizunean ere horrela izaten jarrai dezan ziurtatu behar dugu. Jaizkibeleko ur ekosistema zainduko dugu. Jaizubiako padurak birgaitu, ibilbideak osatu eta lotu, Plaiaundikoekin eta Abadia ingurunearekin lotu, ibilbide pedagogikoak eta ikerguneak antolatu. Turismo berdea sustatuko dugu eta udatik urte guztira zabaldu. Mendelu berrosatu behar dugu eta auzo nortasuna berreskuratu premiazko zerbitzu guztiak eskainiaz. Amuteko korapiloa askatu eta oinezko eta txirrindu bidezko pasabide seguruak atondu. TAO sistema berraztertuko dugu. Legegintzaldia amaitzerako zaborren %70a birziklatzea dugu erronka.
Alkatetza lortuko bazenu, zein izango da hurrengo lau urteetan udalean lan egiteko modua?
Herri hezitzailea, aktiboa, antolatua eta parte hartzailea irudikatzen dugu Hondarribia. Horretarako beharrezko diagnostiko eta plangintza diseinatu ostean, herriko elkarte era eragile guztiekin bildu eta kontrastatuko genuke, arloz-arlo haien ekarpenak jasotzeko eta adosteko. Gu izango gara herritarrengana hurbilduko garenak, haien zerbitzura baikaude; ez alderantziz. Pribatizazioarekin amaituko dugu eta zerbitzu publikoak udaletik bertatik berrezarri, herritarrengandik jasotzen duguna herrian inbertitzeko. Egiten dugun ororen berri komunikatuko dugu eta aldian behin ebaluatu, herritarrei haien iritzia eman diezaguten galdeginaz.
Non jarraituko duzu zenbaketa? Zerbait berezia antolatu al duzue?
Herrikoan, Muaran jarraituko dugu zenbaketa eta egia esan oraindik ez dakit ezer berezirik ote dagoen prestatuta zeren eta ez naiz horretaz ni arduratu; nire lana beste bat izan da, baina lan-banaketari esker, ez dut horretaz kezkatu behar, konfiantza osoz taldekideek antolatu eta prestatu dutenaz gozatu baino.
Egin al duzu kinielarik? Zenbat zinegotzi lortuko dituzuela uste duzu?
Batzuk eta besteak ikusten ditut kinielatan, sasoi honetan kirol ere bilakatzen den ariketa da. Aurreko emaitzak hobetzea gustatuko litzaiguke, baina herritarrek erabakiko dute zein izango den gure egitekoa eta zenbatekoa gure indarra. Hitza ematen dugu ez diegula kale egingo.