Irungo udalean zinegotzi beteranoenetakoa da Juana Bengoetxea. Aurten ere PPren zerrendaburu da. Gipuzkoa mailan alderdiaren erreferentzietakoa da aldi berean irundarra, eta kanpainan adierazi duenez, "hiria ondo ezagutzen duten pertsonekin" osatu dute zerrenda. HITZA Irungo zerrendaburuei agiten ari den elkarrizketa errondaren barruan, honakoak dira Bengoechearen iritziak.
Irungo udalean zinegotzi beteranoenetakoa da Juana Bengoetxea. Aurten ere PPren zerrendaburu da. Gipuzkoa mailan alderdiaren erreferentzietakoa da aldi berean irundarra, eta kanpainan adierazi duenez, “hiria ondo ezagutzen duten pertsonekin” osatu dute zerrenda. HITZA Irungo zerrendaburuei agiten ari den elkarrizketa errondaren barruan, honakoak dira Bengoechearen iritziak.
Zein proposamen ditu PPk Irun hobetzeko?
Irun hobetzeko ditugun proposamenak asko dira, eta gure hauteskunde programan daude. Espazio honetan, horiei buruz hitz egin beharrean, jarrerez hitz egin nahi dut. Gure jarrera edo posizioak honakoak dira.
Adostasuna: beharrezkoa da denen arteko harremana ona izatea denek alde berera tira egiteko. Inor ere ez dago soberan, denak gara beharrezko.
Hiritarren duintasuna: ezin dugu onartu edonork duintasunez bizitzeko behar duena falta izatea, ezin dugu utzi inork itxaropena galtzea.
Justizia eta berdintasuna: denek eskubide berberak ditugu, baita betebehar berberak ere. Hiritarrok egoera zailei aurre egiteko gaitasun handia dugu, baina beti justiziaren barruan.
Oraina berreskuratu: egun badaude gizarte mugimenduak garenari muzin egiten diotenak, denbora askoan lortu dugunari ukoa ematen diotenak. Egia da krisi ekonomiko latzean gaudela, baina adinekoei bizitza duela 30, 40 edo 50 urte nolakoa zen galdetzea besterik ez dago jakiteko lortutako guztia mantentzeko lan duina egiteak merezi duela, behar diren zuzenketa guztiekin, baina lortutako guztia ezin dugu bertan behera utzi.
Etorkizuna: politika da, beste gauza batzuren artean, etorkizun ahalik eta onena prestatzeko lan egitea. Horregatik uste dugu etorkizunari begira jarri behar garela, hori denen artean planifikatuz, eta horren protagonista gazteria eginaz.
Herritarren parte hartzeaz asko hitz egin da azken legealdian. Baina zuen ustez, udaletik hartzen diren erabakietan zein funtzio bete behar dute herritarrek? Hau da, zein da zuen herritarren parte hartze eredua?
Guk nahiago dugu herritarron parte hartzeaz hitz egin. Herritarren parte hartzeaz orokorrean hitz egiten denean, gertatzen ez den zerbaitetaz ari gara hitz egiten. Pertsonak mugitzen gara gugan arazoak sortzen direnean. Horregatik, gure ustez arazoak dituztenekin derrigor hitz egin behar da. Eta herritarrekin konpartitu behar diren arazoak honakoak dira: aparkalekuak ezabatzen direnean, espaloien zabaltzeak, zuhaitzen kimaketak… Horrelako gaien aurrean herritarren erantzuna berehalakoa izaten da. Eta etorkizuneko gai handiei buruz, gogoeta foroak sortzea proposatzen dugu ahalik eta gehiengo zabalagoak lortze aldera, gutxiengoak beti errespetatuz.
Gipuzkoa mailan langabezia tasarik handienetakoa du Irunek. Zein neurri planteatzen dituzue hiria ekonomikoki eta enplegu arloan suspertzeko?
Hiritarrei ezin zaie gezurrik esan. Ekonomia sustatzeko ardura, horrek dakarren enplegu hazkuntzarekin, Eusko Jaurlaritzarena da. Irundarren zerga bidez aldundiari ordaintzen zaizkion 100 euroko, 70 Eusko Jaurlaritzara doaz hezkuntza, osasun, segurtasun, etxebizitza, edo sustapen ekonomiko zerbitzuak jasotzeko. 15 euro aldundian gelditzen dira, gizarte laguntzetarako eta errepideetarako besteak beste. Eta beste 15 euro udalera itzultzen dira udalak bere zereginak bete ditzan. Baina hala ere, Irunen indar handia jartzen dugu jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzen. Bidasoa Bizirik-etik lan orientazioa eta formazioa ematen ditugu, eta urtean bitan enpleguari bideratutako jardunaldiak antolatzen dira, horietan enpresak eta lana bilatzen duten herritarrak biltzen ditugularik. Gainera, industriarako lur eremuak dauzkagun herri gutxienetakoa gara. Irungo PPtik konpromisoa dugu aurretik esandakoetan sakontzeko, bide horretan jarraitzeko.
Zuzeneko lana sortzeari dagokionez, legeak onartzen duenez kontratu txikietan enpresarien lan eskaintzak jasotzea, enpresariei, merkatariei eta ostalariei gisa horretako eskaintzak dituztenean Irunek kudea ditzala eskatuko dugu.
Komertzioarena eta enpleguarena guretzat oso bi alor garrantzitsu dira, eta horietan egin daitekeen edozein ekinbide sektore horietako kideen irizpideen bidez egin behar da, haiek baitakite ziurtasunez zer behar duten.
Gainera, Irungo ekonomia dibertsifikatu behar dela uste dugu: lehen sektorean eta ingurumenaren alorrean indarrak kontzentratu behar ditugu.