Gainontzeko alderdiei ardura eskatu die, "ezin da hiri bat ateraldien bidez gobernatu"
Olaketarako proposamena azaldu du PSE-EEk
Irungo bizitza kalitatean egin dituenen, eta egin nahi dituenen berri eman du gaur Jose Antonio Santano PSE-EEren zerrendaburuak. Eta gogorarazi du, igandeko bozetan aterako diren emaitzen araberakoa izango dela hurrengo legealdia, “igandeko hauteskundeen helburua Irun da. Ezin da hiri bat ateraldien bidez gobernatu, udala zuzentzea zerbait serioa da, eta gogoa eta ilusioaz gain, fidagarria izan behar da. Egonkortasuna, hobetzen eta handitzen jarraitzea da gure helburua”.
Olaketan egin ditu adierazpenok gaur Santanok, hauteskunde kanpainaren barruko agerraldian. Egunerokotasuna izan du mintzagai, “ekintza txiki baina garrantzitsuei buruz” hitz egin du, eta horren harira, esan du azken urteetan hiriko zerbitzuak mantentzeko 45 milioi euroko inbertsioa egin dela udaletik, “krediturik eskatu gabe, kudeaketa eraginkor eta arduratsu bati esker”.
Ardura eskatu die gainontzeko alderdiei, “eta hori kanpainatik hasita erakutsi behar da”. Hala, kanpainan zehar gauzak agintzea “erraza” dela adierazi du egungo alkateak, “baina oinak lur gainean eta errealitatean izatea funtsezkoa da. Hau ez da nora ezean doan lasterketa bat. Irundarrontzat benetako eta erabilgarriak diren ekintzak lortu behar dira”.
Horien eredu Olaketan jarri du Santanok. Bertan izan dela baliatuz, Gain Gainean parkean “iniziatiba handiak” aurreikusi dituztela esan du, baina aldi berean “detaile txikiak zaintzeko asmoa” agertu du, esanaz, adibidez, Euskal Herria etorbidearen atzealdeko haurrentzako parkean estalpea jarri nahi duela (irudikoa da estalkiaren muntaia, PSE-EEk emana).