Sektorean dagoen zatiketarekin bukatu behar dela uste du Xabier Iridoy jeltzaleen buruak
Xabier Iridoy gaur merkataritza eta ostalaritzaz aritu da kanpainan
Hauteskunde kanpainaren barruko agerraldian, hiriko merkataritza eta ostalaritza sektorearen gaineko gogoeta egin du gaur Xabier Iridoy EAJren zerrendaburuak. Hiriarentzat sektore garrantzitsua dela esan du, “Irun hiri tertziarioa da, udalerriko enplegu kopuru garrantzitsua biltzen duena”. Horregatik, eta azken hilabeteetan denda asko itxi direla ikusirik, “tokiko merkataritzari eta ostalaritza bultzada ematea ezinbestekoa” da jeltzaleentzat.
Elkarlanean oinarritutako bultzada da Iridoyk proposatu duena, lankidetza publiko-pribatuan oinarri duena. Eta horri ekiteko, lehenik, sektorean dagoen “zatiketa” gainditu behar dela uste du, “batasuna indartzea eta lankidetza publiko-pribatua sustatzea da gure apustua”. Hala, EAJk merkataritza elkarteen federazioa sortzea proposatu du.
Udalak kanpainak gidatu behar dituela ziur da Iridoy, “merkatarien elkarteekin horiek etengabeko elkarlanean garatuz eta diseinatuz”. Eta Alde Zaharreko suspertze ekonomikoan arreta berezia jarri du EAJren zerrendaburuak, “K-Biziak programaren bitartez denda berriak irekitzea ahalbidetuko da. Alde Zaharrean lokalak denbora luzean itxita egotea konpondu beharreko arazoa da. Neurri ezberdinak landuko ditugu lokal horietan jarduerak errazteko”.
MerkaIrungo postuetaz ere mintzo da Iridoy. Bertako langileen egoera “konplexua” dela azaldu du, eta udal merkatu horretako arduradunekin udal-mahaia eratzea proposatu du, “bertako langileen erretiroaren aurrean erreleboa ahalbidetzeko eta egungo baldintzak hobetzeko”.