Gipuzkoako Trainerilla Ligako seigarren eta zazpigarren jardunaldiak jokatu dituzte asteburuan, eta gizonen mailan, ostiralean bezala daude kontuak, San Juan eta Hondarribia sailkapeneko lehen tokian berdinduta. Jardunaldi bakarra geratzen denez, parekotasuna azken txanpan erabakiko da, heldu den larunbatean.

Etxean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Hondarribiak
Hondarribiak Orion eta San Juanek Hondarribian. Gipuzkoako Trainerilla Ligako seigarren eta zazpigarren jardunaldiak jokatu dituzte asteburuan, eta gizonen mailan, ostiralean bezala daude kontuak, San Juan eta Hondarribia
sailkapeneko lehen tokian berdinduta. Jardunaldi bakarra geratzen denez, parekotasuna azken txanpan hautsiko da, heldu den larunbatean.
Larunbatean Orion lehiatu ziren herrialdeko zazpiko ontziak. Ligako bi indartsuenen arteko borroka itzela izan zen, eta Hondarribiak 21 ehuneneko aldeagatik irabazi zuen, lidergoa eskuratuz. Hirugarren postuari begira, Getaria Mutrikuri gailendu zitzaion, eta sailkapenean berdintzea lortu zuen. Igandean ere hirugarren izan zen Getaria eta laugarren Mutriku, eta marroiak aurretik jarri dira ligako hirugarren postu horretan.
Orion lidergoa lortuta, Hondarribiak aukera paregabea zuen igandean etxean liga bideratuta uzteko, baina gauzak ez ziren nahi bezala irten Hondartza parean. Erlojuaren kontrako estropada izan zen igandekoa, baina ontziak bi kaleetan banatu zituzten eta berdeak eta arrosak bata bestearen ondoan bogatu behar izan zuten. Lehen ziabogaraino oso parekatuta joan ziren bi trainerillak, baina bigarren luzean eta batez ere hirugarrenean, sanjuandarrek aurrea hartu zuten.
San Juanek garaipena lortu eta lidergoa berreskuratu zuen, baina puntuetan berdinduta daude arrosak eta berdeak. Hortaz, azken estropadan erabakiko da gizonen trainerilla liga, heldu den larunbatean Mutrikun. Iganderako, berriz, Gipuzkoako Txapelketa antolatuko dute, Getarian.
Kopa, sanjuandarrentzat
Kopari dagokionez, Hondarribia ez zen Orion lehiatu, eta horrekin Donibaneko hirugarren ontziak Kopa ziurtatu zuen, berdeekiko tartea hamar puntura zabaldu eta gero. Lehiatu direnean indartsuenak izan dira hondarribiarrak, baina bi estropadetan ez dute parte hartu eta horrek aukerarik gabe utzi ditu.
Txapelketa lortuta, Hondarribian azken tokian sailkatu zen San Juan C, baina garaipena arrosa kolorekoa izan zen, San Juan Bren eskutik. Traineruen denboraldiari begira serio ari dira sanjuandarrak lanean eta gizonetan lau ontzirekin lehiatzen ari dira trainerilla denboraldian, bat ligan eta beste hiru kopan.