Hiru egunetan egingo da parte hartze prozesua, hilaren 15ean eta 29an, eta ekainaren 12an, 18:00etan, Kultur Etxean. Egunero hiru bat orduz ariko direla zehaztu dute.
Hondarribian
euskara elkarte bat sortzeko aukera aztertuko dute ostiraletik aurrera Denda kaleko Kultur Etxean. Euskaltzaleon
Topagunearen laguntzaz, parte hartze prozesua egingo dute, eta prozesu horretan zehaztuko dute zer egin daitekeen herrian euskararen erabilera handitzeko. Aukeren artean, euskara elkarte finko bat sortzea legoke, eta dirudienez, asko dira horren alde daudenak.
Edonola ere, aukera guztiak aztertu nahi dituzte eta horretarako antolatu dute parte hartze prozesua, ekarpenak jasotzeko: “Euskararen inguruan hitz egiteko gogoak elkartzen gaitu, eta zure iritziak eta kezkak ezagutu nahi ditugu”, azaldu dute. Prozesua irekia da, baina komeni da aldez aurretik izena ematea: “Gutxi gorabehera zenbat jende azalduko den aurreikusi nahiko genuke, ondo antolatzeko”. Informazio gehiago edo izena eman nahi duenak sare sozialetan egin dezake,
Facebook eta
Twitter-en ireki dituzten orrietan.
Guraso talde bat dago honen denaren atzean. Euskararen erabileragatik kezkatuta hasi ziren elkartzen, eta Topagunearekin harremanetan jarri ziren, zer egin ez zekitelako. Hala, Topaguneak parte hartze dinamika antolatu du, eta erakundeko bi kide izango dira prozesua zuzentzen. Hiru egunetan egingo da prozesua, hilaren 15ean eta 29an, eta ekainaren 12an, 18:00etan hasita. Egunero hiru bat orduz ariko direla zehaztu dute.