Auzoetara hurbildu da gaur Irungo EAJ
Auzoen garrantzia nabarmendu du Xabier Iridoyk, baina lehentasunak badaudela zehaztu du
Hiriaren bizitzan auzoek duten garrantzia nabarmendu du gaur EAJren zerrendaburu Xabier Iridoyk. Proposamen orokorrak egin ditu, adibidez, auzoetan irisgarritasun, segurtasun, eta aparkatzeko erraztasuna bilatuko duten neurriak hartu behar direla esanaz; bukatzear den legealdian zehar bide horretan lan egin dutela aitortu du. Baina auzoak auzo, Irunen hainbat auzotan lehentasunak ezarri behar direla argi du jeltzaleak. Behobia eta Artia dira horietako bi, EAJren arabera. Behobiak “irudi degradatua” duela uste du jeltzaleen buruak, eta hori hobetu beharra dagoela: “Auzoaren berrurbanizazioa eta biziberritzea lehenetsiko dugu. Irunen sarrera eta irteera auzoa da, eta irudia hobetzeko neurriak hartuko ditugu”. Era berean, auzo horretako merkataritza alorrean dauden egitasmoak bultzatuko ditu EAJk. Auzoekin jarraituz, Pio Baroja kalearen eta Portu plazaren ordenazio berria bultzatuko dute jeltzaleek, uste baitute oinezkoek izan behar dutela lehentasun bertan, “aparkaleku arazoari eragin gabe”, eta mugikortasun eta aparkaleku gaiei helduz, Iridoyk adierazi du auzoetan gai horiei heldu behar zaiela. Alde Zaharrerako, Larreaundirako, Olaberriarako, Lapitzerako, Landetxarako, San Miguel-Anakarako proposamenak ere badituzte jeltzaleek.