Udaleko eta musika eskolako kideak, musikalaren aurkezpenean
Aitziberren ametsa Irungo Udal eta Dantza Eskolak azken urteetan egin duen jarduerarik esanguratsuenetakoa da. Musikal bat da, kontserbatorioaren ohiko egitasmoetan ez dute horrelakorik egiten, baina aurten bai, aurrera urratsa egin eta musikalaren erronkan sartu dira 150 ikasle eta irakasle. Gaur (asteartea, hilak 12) egingo dute entsegu orokorra, eta bihar (asteazkena) hiru saio: goizean bi kontzertu pedagogikoen barruan, 6-7 urteko Irungo ikastetxeetako haurrentzat (09:30ean eta 11:00etan), eta azkena, denei irekia, Amaia KZn 19:30ean hasita.
Lehen aldia da musika eskolako ikasleek gisa honetako musika eta dantza emanaldia egingo dutela. Eta horrek dakarren lanaz gaindi, prozesua bera aberasgarria izan da irakasle nahiz ikasleentzat. Erronka antzekoa. Eta gainera, euskaraz da oso-osorik.
Musika arloaz Miguel Angel Garcia arduratu da, koreografiaz Sonia del Barrio, libretoaz Raffaela Acella, abesbatzaren zuzendaritzaz Jose Manuel Tife, abestien letraz (euskaraz dira) Alain Aierdi, eta koordinatzaile lanetan Josu Sarasa aritu da. Ikasleek, soka, haize, perkusio instrumentuak joko dituzte, eta akordeoiak ere tartea izango du.
Sinopsia
Aitziberren istorioa kontatuko du musikalak. 7 urteko neskatoa da Aitziber, familiarekin baserrian bizi da. Herriko jaietan haren aitaren trikitixaren lapurretaren testigu izan da, triste jarri da. Horrela, lagun batekin, trikitixa horren bila bidai luze bat egingo du protagonistak, munduko musika eta instrumentuak ezagutuz.