Udalean herritarren parte hartze zuzena nahi du koalizioak, "udaletxeko ateak herriari irekiz"
Parte hartzeaz mintzatu dira gaur EH Bilduko kideak
Udala herritarrei zabaltzea. Hori da EH Bilduk duen parte hartze eredua, gaur azaldu duena hauteskunde agerraldian. Hori egiteko udal ordenantza beharrezkotzat eman du, “hori ere guztion parte hartzearekin sortua”, eta hori egiteko uneko udal gobernuaren gainetik jarri du “herritarren erabakitzeko eskubidea bermatzea”. Eta garbi adierazi dute ezker abertzaleko kideek ez dutela beldurrik “boterea herritarrekin partekatzeko”.
Parte hartzea maila ezberdinetan egin behar dela uste du koalizioak, “informatzea, galdetzea, erabakitzea eta gauzatzea. Gure parte hartze ereduak prozedura edo planteamendu osoa da”. Zentzu horretan, landu nahi duen eredua Jose Antonio Santanok aurrera eramandakoekin alderatu du EH Bilduk, “Santanok ez du inoiz lehenengo urratsa ere bete. Agortuta dagoen eredu horri bukaera eman behar zaio, eredu berria eraiki”. Eta Alkatea auzoetan bezalako egitasmoak deitoratu ditu, esanaz, egin zela prozesu hori, “baina ondoren ez zien esandakoei jaramonik egin”.
Eta parte hartze horretarako lehen proposamena jarri du mahaiaren gainean alderdiak: Plaiaundiko kirol instalazioen kokaleku berria herriak, herri galdeketa baten bitartez, erabaki dezala proposatu nahi dugu. Herriarena da azken hitza”. Hala, horrelako prozesuek “gardentasunari lotuta” egon behar dutela adierazi du Bilduk, “behar-beharrezkoa da parte hartu ahal izateko informazio guztia eduki eta ulertzea. Parte hartze zuzena aldarrikatzen dugu”.