Eraikita dauden aparkalekuak hobeto baliatzea eta berriak egitekotan, lur azalean egitea proposatu du taldeak
Si Se Puede Irun, aparkalekuen gaineko agerraldian
Si Se Puede Irunek agerraldia egin du gaur, gai zehatzarekin: aparkalekuak. Udalak azken urteetan gaia kudeatzeko egindako ahaleginak ez direla “modu egokian” gauzatu uste du alderdiak, “lurpeko aparkalekuak eraikitzeko egin den inbertsio ahalegin erraldoiak ez du aparkatzeko erraztasunik ekarri”. Hortaz, hainbat neurri zehatz proposatu ditu, lur azpiko aparkalekuetarako, nahiz lur azalekoetarako.
Podemosen Irungo hautesle taldeak proposatu du Pinar auzoko eta San Juan plazako aparkalekuei dagokienez, egoiliarrentzat erosteko prezioa %25 gutxitzea. Jakitun dira murrizketa horrekin egindako inbertsioaren zati bat galduko litzatekeela, “baina gure ustez erabili gabe egotea baino aproposagoa izango litzateke hori”.
San Juan plazan berriro, baina txandakako gunearentzat ere badute ideia garatua: bertako tarifak jaistea proposatu du taldeak. Aparkalekuen kudeaketa publikoaren alde dago alderdia, baina hori ezin bada egin, enpresa esleidunarekin negoziatu behar dela esan du alderdiak.
Azkenik, dauden aparkalekuen artetik, Ficobakoa aipatu du. Doan da bertako parkina, baina bertara iristeko nahiz irteteko garraiobide publikoa iritsi dadila eskatu du alderdiak, aldirietako aparkaleku bihur dadin.
Daudenez gain, bere ustez izan daitezkeen aparkalekuak ere izan ditu hizpide Si Se Puede Irunek. Hala, dauden plazak baliatzeaz gain, aparkalekuak eraikin bertikaletan aparkatzea aztertu beharko litzatekeela uste du, “inbertsio kostu txikiagoa eta eraginkortasun handiagoa izate aldera”.
Atzo, bizikleta martxa
Atzoko bizikleta martxaren irudia
Gaur aparkalekuak, eta atzo mugikortasuna. Si Se Puede Iruneko kideek bizikleta martxa egin zuten atzo (igandea), eskatzeko mugikortasuna ezin dela “negozio” izan, “ezta betiko gutxi batzuen interes ekonomikoen zerbitzura jarritako jarduera ere”. Mugikortasuna “beharra” dela uste du alderdiak, “gure nahiak eta benetako premiak asetzeko lekuetatik aldentzen gaituzten distantziak gainditzeko eta iristeko aukera ematen digu”.