Ohorezko Mailako taldeak Zarautz hartuko du gaur etxean. Lau taldek maila galduko dute, eta bost hautagai daude. Gaur Hondartzan horietako bi izango dira aurrez aurre.

Iazko giroa errepikatu nahi du taldeak
Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak partida erabakiorra jokatuko du gaur Hondartzan, 17:00etan. Zarautzen kontra jokatuko du Hondarribiak. Jaitsierari izkin egiteko asmoan zarauztarrak aurkari zuzenak dira, eta sailkapenean hiru puntu gutxiago dituzte —32 Hondarribiak eta 29 Zarautzek—. Etxekoek irabaziz gero, Zarautz betiko atzean utziko lukete, eta bikingoek urrats handia emango lukete salbaziorako.
Preferentera hiru edo lau talde jaitsiko dira, Hirugarren Mailan gertatzen denaren arabera. Hondarribia bosgarren dago atzetik hasita, eta Zarautz laugarren. Horregatik, partidaren garrantzia ezagututa, talde berdeak Hondartzako harmailak bete nahi ditu gaur, iazko azken partidetan bizitutako giroa errepikatu nahian. Hala, bazkide bakoitzak lagun bat eramateko aukera izango du gaurko partidara. Hori eta gehiago beharko du taldeak, lehia gogorra espero baita.
Zarautzek gaur emaitza ona lortuko balu, Ohorezko Mailan geratzeko urrats handia emango luke, azken bi partidak ezer jokoan ez duten bi taldeen kontra jokatuko baitute, Elgoibar eta Beti Gazte, sailkapenaren eremu erosoan dauden bi talde. Hondarribiak, aldiz, bosgarren Anaitasunaren etxean jokatu behar du hurrengo asteburuan, eta azken jarunaldian, jaitsieraren borroka berean sartuta dagoen Usurbilekin, etxean.
Bosten borrokan, hiru edo lau jaitsiko dira
Zarautzekin berdinduta Bergara dago. Hondarribiak baino hiru puntu gutxiago dituzte, baina geratzen zaizkien hiru jardunaldiak ez dira batere errazak, oraingotik hasita, Aretxabaleta indartsuenaren kontra jokatuko baitute.
Usurbil, puntu bat gutxiagorekin, 28, eta gaur Ordizian jokatuko du. 11.ak dira ordiziarrak baina 7. geratzeko aukera dute eta borroka horretan usurbildarren gainetik pasatu nahiko dute gaur. Hurrengo jardunaldian, hirugarren postua helburu duen Hernani hartuko du Usurbilek. Beraz, ligako azken partidan Hondarribian jokatzen dutenerako, baliteke Preferentera jaitsita egotea usurbildarrak.
Eta kontuz Antzuolarekin, sailkapeneko azkenarekin. Duela zazpi jardunaldi jaitsita zegoela zirudien, baina azken sei partidetan 14 puntu lortu ditu eta bagoira igo da. Oraindik oso zaila du salbazioa, baina ezinezkoa ez.
Ohorezko Mailako sailkapena. Azken bost postuak
- Hondarribia. 32 puntu.
- Zarautz. 29 puntu.
- Bergara. 29 puntu.
- Usurbil. 28 puntu.
- Antzuola. 26 puntu.
sailkapen osoa