Koalizioaren ustez, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean garatu behar da politika hori
Udal Euskaltegiaren atarian egin dute agerraldia EH Bildukoek
Euskara ardatz, agerraldia egin du gaur Irungo EH Bilduk. Udalean hizkuntza politika berriak behar direla adierazi du koalizioak, eta horiek garatzeko bidea hiriko eragile nahiz herritarrekin egoteko asmoa duela, “burujabea, organikoa eta zeharkakoa”. Zentzu horretan, udal administrazioan “euskaraz izateko” plana egingo dutela adierazi du alderdiak.
Euskararen erabilera eta ezagutza aldetik, Irungo egoera kezkagarritzat jo du EH Bilduk. Adierazi du ikastetxeak ezagutza bermatu nahian dabiltzala, “baina erabilera datuak apenas igo dira azken hamarkadetan”.
Horri aurre egiteko proposamen zehatzak egin ditu Oinatz Mitxelena buru duen taldeak: udal administrazioaren euskalduntzeari dagokionez, udalaren izenean jendaurrean ari diren guztiak euskal hiztunak izan behar direla aldarrikatu du koalizioak, “euskara komunikazio hizkuntza izatetik lan hizkuntza izatera igarotzeko”.
Kale mailan, euskara ez dakitenek ikasi, eta dakitenek erabil dezaten, hainbat esparrutan kanpainak iragarri ditu taldeak, helduen euskalduntzean kokatuz indar berezia: “Irunen euskara ikastea doan izango da”. Horrez gain, langabeen, lanean dabiltzanen, gurasoen, gazteen esparruetan indarra jarriko duela azaldu du koalizioak. Herrialde ezberdinetatik etorritako irundarrei ere “euskararen ateak” zabaltzeko asmoa agertu du. Hori guztia egiteko lanabesa jasota du bere programan EH Bilduk: “Eragile eta norbanakoak bilduko dituen elkargunea sortzea, besteak beste, euskal aisia bermatuko duen eskaintza lantzeko”.