Mugalarien taldeak bosgarrenez antolatu du iganderako Aiako Harria mendiko lasterketa

Iazko edizioan, partaide bat helmugara iristen
Mendiko lasterketen Euskal Herri mailako erreferente izango da Irun asteburuan. Erlaitz Mendi Elkarteko mendi lasterketen sekzioko kideek antolatuta, Mugalariak bezala ezagunagoak, Aiako Harria maratoi erdia egingo dute igandean, hau da, Erlaitz mendi ingurutik 23 kilometroko bidea egin beharko dute izena emanda dauden 350 korrikalariek. Euskal Herriko Koparako baliagarri izango da proba.
Ola sagardotegitik abiatuko da, 09:00etan. Behin proba bukatuta, 12:00etan, Toki Alai ikastetxean emango dizkiete sariak irabazleei.
Iaz, esaterako, Euskal Herriko selekzioko kide Aritz Egea izan zen irabazlea gizonetan Didier Zago frantziarraren eta David Garcia irundarraren aurretik;, emakumeetan selekzioko kide Uxoa Irigoien izan zen lehena atzetik Alizia Olazabal irundarra eta Izaskun Zubizarreta oiartzuarra izan zituela.
Hortaz, antolatzaileek adierazi dutenez, aurten iazko parte hartze maila hobetuko da, horiez gain maila handiko beste parte hartzaile asko izango direlako Olako irteeran.
Jarduera osagarriak
Maratoi erdia bakarrik ez. Etzi (larunbata), kilometro erdi bertikalaren proba egingo dute, 15:30ean abiatuta, Endarlatsatik; hara joateko autobusa jarriko dute antolatzaileek: 14:30ean abiatuko da Ola sagardotegitik. Horrela, irteera ordutik minuturo aterako dira korrikalariak helmugara distantzia motz batean ahalik eta denbora gutxien egiteko asmoz.
Biharko ere, kilometro erdi bertikalaz gain, hainbat jarduera antolatu dituzte Mugalariek. Horrela, Ola sagardotegian bertan Korrikalariaren Feria egingo dute, bertan hainbat stand edo postu jarriko direlarik, kirol gaienak gehienak.
Elkartasun postua ere jarriko dute bertan, ordea. Abbay Etiopia elkarteak Afrikako herrialde horretara bidaltzeko kirol arropa jasoko du; zapatilarik ez eramateko eskatu dute arduradunek.
Seigarrena
Mendi lasterketen sasoiko Oarso Bidasoko seigarren proba izango da asteburu honetakoa. Donibaneko Mitxintxolako igoera, Lezo-Jaizkibel, Pasaiako mendi lasterketa, Talaia eta San Markoko igoera eginak dituzte mendiko lasterketen zaleek aurretik.
Mugalariek antolatu dutenaren ondoren, ekainaren 14an da hurrengo hitzordu