Irrisarri Land-eko helmugan Gomur Liebana 2017 taldeko txirrindularia izan da lehena
Calderon, podiumean
Etapa urduria izan du lehena Bidasoko Itzuliak. Hasiera lasaia izan bada ere, bigarren erditik aurrera borrokara atera dira txirrindulariak. Eta horien artetik indartsuena Gomur Liebana 2017 taldeko Steve Calderon izan da: hark irabazi du Irrisarri Land aisia parkean bukatu den lehen etapa, hortaz, maillot horia jantzi du.
Etapa urduria, mugimendu askokoa izan arren, helmugara iristeko azken mendatearen oinarrira 60-70 lasterkariko taldea iritsi da. Irrisarrira igotzeko 1,8 kilometroko maldan (hirugarren mailako portuan zuten helmuga) apurka talde hori hausten joan da, eta irabazlea erabaki egin da. Izan ere, Calderonek helmugan segundo bateko aldea atera dio bigarren izan den Julen Amezketari (Baque-Campos), baita haren taldean zihoazen Enric Mas (Specialized) eta Jaime Rosoni (Caja Rural).
Lau lehenen atzetik tantaka sartu dira txirrindulariak helmugan. Hau da, Irrisarrira igotzeko azken mendateak lehen diferentziak eragin ditu.
Biharko etapa
Biharko bigarren etapan ere borroka aurreikusten da. Hendaian hasiko da 14:20an, eta Hondarribiko Harresilandan bukatu: tartean Andazarrateko (bigarren mailakoa) eta Jaizkibelgo (lehen mailakoa) mendateei aurre egin beharko diete txirrindulariek, azken hau, helmugarako 10 kilometro falta direla.