Iazko Sagardo Eguna Santiagoko pilotalekuan egin zen
Maiatzaren 9an, larunbatean, egingo dute Irungo XX. Sagardo Eguna. Aurten, iaz Santiagoko pilotalekuan egin ondoren, Urdanibia plazara itzuliko da sagardoaren festa, goizez zein arratsaldez. Goizean txosna zabalduta egongo da bertako produktuak dastatu ahal izateko 09:00etatik aurrera –musika eta dantza saioak ere izango dira goizean zehar—, eta arratsaldean izango da dastaketa: 20 sagardotegik 4.000 botilako ekarpena egingo dute.
Elkartasun oinarria du gainera jaiak. Izan ere, bertan bildutako diru etekina Taupadak gobernuz kanpoko erakundeak kudeatuko du, Boliviako San Ignacio Moxos herrian nekazaritza egitasmoak aurrera eramateko. Hortaz, arratsaldeko dastaketan parte hartu nahi dutenek (18:00etan hasiko da, 17:30ean txartelak saltzen hasiko dira), 6 euroko tiketa erosi beharko dute: hamar sagardo tragoska, pintxoa, zapia eta edalontzia jasoko dituzte tiketa erosten dutenek.
Gainera, txartela erosten dutenak, bi sariren zozketan sartuko dira: lehena Ola sagardotegian bi lagunentzako afaria eta Antxotegi nekazal etxean gaua pasatzeko saria da; bigarren sariaren jabeak 20 sagardo sorta eskuratuko ditu.
Taupadak elkarteak antolatu du festa, Irungo hainbat elkarterekin elkarlanean. Mosku inguruko tabernariek lagundu dute ere festa, Irungo Udalak bezala. Hainbat enpresa babesle modura ageri dira.