Eneko Yarza Arabolaza: "Zerbait gertatuz gero ez dugu espero laguntza kanpotik etorriko denik"
Eneko Yarza Arabolaza hondarribiarra muturreko piraguista da. Munduan ibiltari bizi da, rafting gida bezala lanean, eta afizioz, ia ezinezkoak diren ibaiak jaisten. Joan den astean hitzaldi bana eman zituen Hondarribiko Gazte Xaian eta Irungo Amaia KZn.
Lanbidez raftingean aritzen da gida bezala, baina bere pasioa piragua da
Gazte Xaian Norvegiara egindako bidai batez aritu zinen, eta ostegunean Aconcaguan egindako jaitsieraz. Herrialde askotan ibilitakoa zara. Zer falta zaizu?
Afrika, Afrika falta zait. Joan den urtean Uganda eta inguru haietara joan behar nintzen, baina ebolak jota zegoen dena eta ez nintzen joan. Marokora agian datorren urtean… Bai, beste kontinenteak eta herrialde asko ezagutzen ditut. Munduko herrialde askotan ibili naiz ibai espedizioak egiten, 21 herrialdetan lan eginez, beti alde batetik bestera, herrialde batzuk errepikatu ditut, baina beno, beti leku berrien bila joaten naiz (bisitatu Eneko Yarza Arabaolazaren bloga).
Oporretara ez zara joaten?
Helburua ez da lan egiteagatik mugitzea ere. Helburua da gauza berriak ezagutzea, nire kirola edo pasioa praktikatzeko, muturreko piraguismoa. Horretarako lan egin beharra dago, baina ez naiz lanaren bila bakarrik joaten, bestela ez nintzateke herrialde pobreetara joango, adibidez. Bizitza bidaia da, eta horixe nire helburua, bizitzea.
Duela urte pare bat munduko lehena izan zinen Himalaiako ibai bat jaisten. Jarraitzen al duzu horrelakoak bilatzen?
Hura izan zen Everest ondoko Likhu Kola ibaian, eta bi nafarrekin egin nuen, 2012ko bukaeran. Geroztik ere egin ditut lehenengoz jaitsiera batzuk; oraintxe, neguan Kolonbian egon naiz eta bertan egin ditut bizpahiru espedizio berri, lehendik inork jaitsi gabekoak; serioak izan ziren hauek baita ere, lau egunekoa bat, oraindik garatu gabeko inguru batean. Ezerk ezin zuen hutsik egin, hau da, denak ginen adituak edo mundu mailako piraguistak.
[Pentsakor] Bai, bilatzen dut zailtasuna, baina ibai lasaiek ere betetzen naute, politak dira, arroilak, inoiz inor edo gutxi ibili direnak… zoragarriak dira, nahiz eta lasaiak izan, betetzen naute. Baina bai, ia beti mugitzen naiz mugen bila, beste aldera pasa gabe, baina mugak ezagutu nahian. Horretan beti izan naiz progresiboa, pausoz pauso joan naiz beti, kontrolarekin egin nahian, batzuetan kontrola galtzen da eta egoerei egokitzen ikasi behar da. Egun, kirol honen mugak bilatzen ari gara, ez hainbeste bezeroekin, baina bai gidekin, ikasteko.
Istripuak izaten dira ere, eta zuen kirolean, ez dira edozein tokitan gertatzen.
Horrelako urrutiko espedizio bat egiten dugunean ez dugu espero arazoa daukagun momentuan helikopteroa etorriko dela, ez laguntzarik ere, badakigu zertan gabiltzan. Horregatik ez diogu inori errua botatzen laguntza ez datorrenean. Likhu Kolan egon ginenean, Everest ondoan, han bertako biztanleek ez zuten ez errepiderik, ez dendarik, ez ezer. Orduan ez dugu espero zerbait gertatuz gero kanpotik etorriko denik laguntza. Hori ere abenturaren parte da, zuk dituzun baliabideekin bertatik nola aterako zaren, bizitzari nola aurre egingo diozun jakitea.
Istripuak, eduki ditut batzuk [aurpegia aldatu zaio]. Oraintxe Kolonbia aipatu dut, handik nator. Duela hiru urte eduki nuen hor istripu bat, naturala izan zen, ez genuen guk bilatu, esan dezakegu. Lehenengo jaitsiera batean hantxe ginen AEBko lagun bat eta ni lotan, eta olatua etorri zen, 12-15 metrokoa, laguna ito egin zen, ni libratu justu. Hiru urteren ondoren harantz itzuli nahi izan dut, lekua berriro ikustera, eta ibaiak nola dauden, bizitzan aurrera goazela [arnasa hartu du] dastatzera…
Naturaren indarraren menpe gauden inurri txikiak gara, erraldoien munduan. Han Kolonbian euri asko egiten du, ibaira jaisten da euria eta ibaia igo egiten da, eta kanoira iristen denean askoz gehiago igotzen da. Aurten ere egoera halakoxea zen, baina ikasketa gehiagorekin ginen, eta gauean, ur bazterrera joaten ginenean, matxetearekin bidea ireki eta gora joaten ginen kanpalekua muntatzeko. Gau batzuetan ura asko igotzen zen, baina gu salbu ginen.
Zeintzuk dira dituzun hurrengo planak?
Ostiralean [hilaren 1ean] Frantziako Pirinioetara joango naiz, muturreko lasterketa batera. Berriro konpetituko dut, urte batzuen ondoren, berriro jolasera. Gure esperientzia jolas arau horietan sartzen da, orduan, azkarrenak izaten saiatuko gara asteburuan. Eta handik Pirinioetara lanera, baina ez dakit, ni ez naiz epe luzera ezer planifikatzen duen pertsona. Eguna edo etorkizun hurbila bizitzea gustatzen zait.
Oraindik badakit ekainera arte Euskal Herrian eta Pirinioetan ibiliko naizela. Ekainetik aurrera ez dakit zer egingo dudan, agian Alpeetara, agian Suitzara lan egitera. Eta udazkenetik aurrera hemen [Europan] egunak laburtzen dira, eta hegaztiekin bezala, migrazio garaia hasten da, eta nonbaitera joango naiz.
Egon al zara lekuren batean, hain gustura sentiarazi zaituena, bertan geratzeko tentazioa izateraino?
Bai, bai, hori sentitu izan dut, baina izan da gehiago ‘hemen geratu nahi dut gaur eta bihar’. Baina denbora gehiagorako, ez, ez. Oraingoz eszenatoki berrietara egokitzeak asko erakusten dit, eta horren bila noa.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.