Partida bukatu ondoren, zaleak jokalariak agurtzen
Asobal Ligara berriz ere igotzea ez da ametsa Bidasoa Irun eskubaloi taldearentzat. Barakaldon larunbatean 21-32 irabazita, eta hurbileko arerioek nahi ez zituzten emaitzak lortuta, Zilarrezko Mailako bosgarren postuan egonkortu da talde irundarra. Hau da, Asobalera igotzeko maiatzaren bukaeran jokatuko den play-offetik hurbil daude horiak, liga bukatzeko bi jardunaldiren faltan.
Partida lasai hasi, eta topera bukatu. Hori egin zuen Bidasoak Barakaldoko Gorostizan. Etxekoak aurretik jarri ziren markagailuan lehen minutuetan, baina atsedenaldirako 11-16 zihoazen aurretik Fernando Bolearen mutilak. Bigarren zatian nagusitasun hori berretsi egin, eta barkatu gabe, 11 gol aurretik bukatu zuen lehia. Zoragarri. Eta Bizkaian izan ziren hamarnaka zaleak, pozik baino gehiago.
Badira aste batzuk indartsu, sendo dagoela Bidasoa. Horrek ahalbidetu du Zilarrezko Mailako zonalde epeletik berora igo izana. Sailkapenean bosgarren dago taldea, baina Bartzelona B play off postuetan dagoenez, seigarrenak ere izango du aukera igoera kanporaketa jokatzeko. Lehen sailkatua, Teucro da egun, zuzenean igoko da Asobalera.