Maiatzaren 6tik 9ra egingo dute afizionatu mailan erreferentzia den proba; berritasunak daude aurten
Atzoko aurkezpenean, antolatzaileak eta erakundeetako ordezkariak
Maiatzaren 6tik 9ra egingo dute aurten Bidasoko 43. Itzulia. Lau etapa gogor izango ditu, zorrotzak, zirrikituz beteak eta ziur txirrindularitzaren ikuskizunaz gozatzeko baliagarri izango direla. 20 taldek parte hartuko dute —hiru gipuzkoarrak— 120 lasterkarirekin. Euskal Herrikoak eta kanpokoak izango dira talde horiek, hau da, afizionatu munduko korrikalaririk onentsuenak izango dira Bidasoatik gaindi doan itzulian. Bidasoa Itzulia Elkarteak lan handia egin du aurten ere afizionatu mailako probarik garrantzitsuenetakoa dena aurrera eramateko, “krisiak krisi, aurrera goaz. Pixkanaka krisitik ateratzen ari gara, baina zailtasunak beti daude. Babesleak eta erakundeak eskertu nahi ditugu eman diguten laguntzagatik”, esan zuten antolatzaileek.
Atzo aurkeztu zuten bira. Irungo udaletxean izan ziren, antolatzaileez gain, etapen hasierak eta bukaerak jasoko dituzten udaletako eta erakundeetako ordezkariak. Eta lehenengo etapatik berritasunak daudela adierazi zuten, izan ere, maiatzaren 6ko lehenetik daude ezberdintasunak: Irundik abiatu, eta Igantziko (Nafarroa) Irrisarri Land parke tematikoan bukatu da lehenengoz etapa bat, malda gogorrari aurre eginaz azken kilometroetan.
Nafarroan bakarrik ez. Ipar Euskal Herrian (Hendaiatik hasiko da bigarren etapa), eta Gipuzkoako beste herrietan ere (Orion hasi eta bukatuko da hirugarrena) izango du presentzia itzuliak. Eta antolatzaileek hori nabarmendu dute, Gipuzkoan bakarrik ez, kanpoan ere badela esanguratsua proba.
Bidasoko bakarra
Iazko Bidasoko Itzulian egondako 14 txirrindularik aurten profesionaletan korritzen dute. Datu hori eman zuten antolatzaileek adierazteko zer nolako maila duen probak. Eta aldi berean, aurten Bidasoko txirrindulari bakarra izango dela irteerako lerroan adierazi, Urki Rojo irundarra, Debabarrena taldekoa.
Eta krisia behin baino gehiagotan aipatu zenez, horrek txirrindularitza ez profesionalean izan duen eraginaren datua eman zuten: iaz, amateur mailako 50 proba egin ziren Espainiako Estatuan, eta aurten 15 soilik egingo dituzte. Hortaz, itzuliaren beste edizio bat egitea pozgarria dela adierazi zuten antolatzaileek.
Eta sarietan, beste berritasun baten berri eman zuten. Ohiko sariez gain (liderra, mendiko onena, tarteko helmugen irabazlearen maillota…), erregulartasunaren sariaren elastikoak Real Unionen mendeurrena aintzat izango duela adierazi zuten atzo, hau da, maillot hori Real Unionen koloreekin prestatu dutela aurten. Izan ere, mendeurrenarekin bat egin nahi izan du itzuliak.
Etapak
Honakoak dira Bidasoko Itzuliaren etapak. Horien xehetasun gehiago
Bidasoko Itzuliaren webgunean lor daiteke:
- Lehen etapa: maiatzak 6, asteazkena. Irun (Urdanibia plaza)-Irrisarri Land. 107,1 kilometro.
- Bigarren etapa: maiatzak 7, osteguna. Hendaia (Gaztelu Zahar)-Hondarribia (Harresilanda). 126,4 kilometro.
- Hirugarren etapa: maiatzak 8, ostirala. Orio-Orio (irteera eta helmuga Arrantzale kalean). 131 kilometro.
- Laugarren etapa: maiatzak 9, larunbata. Irun (Ficoba)-Irun (Colon pasealekua). 77,8 kilometro.