Hondarribia Arraun Elkarteko zortzikoak Gipuzkoako aulki mugikorreko txapelketa irabazi zuen igandean, Orion. Etxeko taldea eta Santiagotarrak klubak menderatu zituen.
Gipuzkoako txapeldunak
Hondarribia Arraun Elkarteko (HAE) zortzikoak Gipuzkoako aulki mugikorreko txapelketa irabazi zuen igandean, Orion. Etxeko taldea eta Santiagotarrak klubak menderatu zituen. Oriotarrak abiatu ziren aurretik baina hondarribiarrek tartea jan eta aurrea hartu zieten. Helmugan hiru segundu atera zizkion Hondarribiak Oriori, eta 11 Irungo gorriei. Garaipenarekin, iaz galdutako Gipuzkoako erregetza berreskuratu dute berdeek. Azken zortzi urtetan zazpitan irabazi du Hondarribiak aulki mugikorreko Gipuzkoako txapelketako proba nagusia.
Honakook osatu zuten ontzi txapelduneko eskifaia (argazkian, goitik behera eta ezkerretik eskuinera): Mikel Orbañanos (entrenatzailea), Beñat Egiazu, Manex Alday, Julen Castrillon, Gorka Egiazu, Meltxor Amunarriz, Borja Oiarzabal, Iñigo Sagarzazu, Iker de la Linde (lemazaina) eta Jon Muguruza.
Asteburuan bukatuko da aulki mugikorreko denboraldia, Legution (Araba) egingo den Euskadiko Txapelketarekin.