Emekik eta udalak puntu moreak jarriko dituzte komertzioetan, indarkeria datuekin
San Nikolas kaleko Baratze dendan jarri dute lehen kartela
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako kanpaina abiatu dute Emeki elkarteak eta Hondarribiko Gizarte Zerbitzuetako arloak. Aurreko urteetan bezala, merkatarien laguntza izango dute, eta herriko dendetan puntu moreak jartzen hasi dira, genero indarkeria zifretan azaltzen dutenak. Alde Zaharrean hasi dute ekimena, San Nikolas kaleko Baratze janari dendan.
Erakundeek jasotako datuen arabera, hamahiru genero indarkeria kasu egon ziren iaz Hondarribian, beste 11 salaketa, eta epaileek bederatzi babes agindu eman zituzten. Zenbaki latzak dira beste behin, baina iazkoak hobetzen dituztenak. Duela hamabi hilabete ere egin zuten
kanpaina saltokietan, 2013ko datuekin, eta orduan jarri zituzten karteletan 22 kasu, 19 salaketa eta 11 babes agindu azaltzen ziren; bederatzi kasu gutxiago.
Saltokien laguntza eskertu dute
Iazkoak baino zenbaki arinagoak izanik ere, Emekin badakite kartelik jarri behar ez izan arte asko dagoela egiteko, eta horregatik aurten ere komertzioengana jo dute, herritarrei iristeko modu ona delakoan. “Oraindik biolentzia badago eta herritarrek jakin behar dute. Gure indar guztiak jarrita ere kasuak daude, tratu txarrak daude, eta Emekik lanean jarraituko du”, azaldu du Ascen Oskoz elkarteko kideak.
Emekiko kideak herriko merkatarien laguntza eskertu du aurtengo kanpainaren abiatzean: “Merkatariak prest daude laguntzeko, duela bospasei urtetik bat egin izan dute kanpainarekin eta hori eskertzekoa da, indarkeria kasuak ezagutarazteko modu ona delako herriko dendetan datu horiek azaltzea”.
Oskozen ustez, erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da indarkeriari kontra egiteko. “Ez bakarrik erakunde guztiena, indarkeriaren kontra dauden herriko gizon eta emakumeen laguntza ezinbestekoa da, biolentzia jasaten dutenek salaketak jarri ditzaten, jakin dezaten gizartea osoa laguntzeko prest dutela”.