EH Bilduren zerrendaburuak landuko dituen gai nagusien berri eman du gaur, alkategai izateko aurkezpenean
Lore Erriondo, hizketaldiaren une batean
Elkarren artean, ezberdinen artean lan egiten, “aurrera egiten, adosten”. Lore Erriondo Hondarribiko EH Bilduren zerrendaburuak horrela laburbildu du bere asmoa zein den maiatzaren 24ko udal hauteskundeei begira. Hura da burua, eta zerrendari errepasoa egiterakoan esan du denetik dagoela, “gazte, adineko… denetik. Lanbide eta esparru anitzekoak gara ere. Guztiok komuna duguna da lanerako prest gaudela. Ez gaude itxurakerietarako”.
Eta lan horren oinarrian Erriondok jarri du herritarrekin egotea, “entzutea, elkarrekin lan egitea. Emango duguna, jaso. Herri bizitza bat badaukagu. Hondarribi hobea, eta hobeto biziko diren hondarribiarrak nahi ditugu. Baina guztiok batera. Ideia asko ditugu, eta gogoa ere bai. Baina zuek gabe ez gara ezer. Guk aurreikusi ditugun premiak benetakoak ote diren jakin nahi dugu zuekin, herritarrekin hitz eginaz. Herri guztiaren alde lan egitera gatoz, hondarribiar guztien alde lan egingo dugu”. Horretarako, gaikako batzordeak sortuko dituztela jakinarazi du koalizioaren zerrendaburuak, “jendea bere ekarpena egiteko prest dago. Hondarribiar orok sentitu dadila protagonista. Zerbait egiten duela herriaren alde. Asko dago egiteko”.
Hamarnaka herritar izan dira ekitaldian
Adierazpen horiek gaur eguerdian egin ditu Erriondok, EH Bilduk alkategaia aurkezteko Abarka jatetxean egin duen ekitaldian. Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko koalizioaren hautagaia izan du alboan, eta aurrean, hamarnaka herritar.
Proposamenak
“Asko dago egiteko” horren barruan, arloz arlo hainbat traza xehetu ditu Erriondok, EH Bilduren programaren aurrerapen gisara, “ingurumena zaindu behar dugu, gure ingurua altxorra da; zaborrik ahalik eta gutxien sortu eta ahalik eta gehien birziklatu behar dugu; energia berriztagarrien alde urratsak egin eta baliabideak jarri behar ditugu; herri bideak egokitu, plazak, parkeak herritarren eskura utzi”; horiek izan dira ingurumen arloan dituen asmoetako batzuk.
Ekonomian, tokiko eta sasoiko nekazaritza iraunkorraren alde egin du EH Bilduren ordezkariak, baita hori merkaturatzeko sistema egonkorren alde ere. Era berean, arrantzaleak lagundu behar direla adierazi du, zein premia dituzten jakinaz. Eta merkataritza arloan, bertakoaren, herriko komertzioaren alde egin du.
Gazteen premiez ere adierazpenak egin ditu ezker abertzaleko koalizioaren zerrendaburuak. Etxebizitza ukazioa dela haientzat iradoki du, “oraindik jarraitzen dute herriko gazteek etxebizitza bila kanpora joaten. Alokairu sozialaren aldeko apustua egingo dugu”, eta aldi berean, gazteen artean enplegua bultzatzeko konpromisoa azaldu du, besteak beste, “parke teknologikoa bultzatuz”. Gazteek protagonista izan behar dutela ziur da Erriondo, “haiek dituzten premiak, gogoak, indarrak gara ditzaten baliabideak jarri behar ditugu”. Etxebizitzen gaiarekin, datu bat eman du koalizioko kideak: 700 etxebizitza daude hutsik herrian, “ez dira bigarren etxebizitzak, gainera. Alokairuan jar ditzagun”.
Gizarte zerbitzuak hobetzeko nahiaz aritu da ere Errenteria-Oreretan jaiotako, eta Hondarribian duela 30 urtetik bizi den —bertan irakasle izan zen ere— alkategaiak. “Premia dutenen ondoan egon behar dugu, Gure zaharrak eta ezinduak ahaztuta ditugu”. Hezkuntzari ere erreferentzia egin dio, “herri hezitzailea bilakatu behar dugu Hondarribia. Horrekin batera, gure herrira datozenei harrera egin behar diegu, erakutsi behar diegu hondarribiar eta euskaldun izatea zer den. Eta guk, euskaraz ez dakitenei, eskainiko diegu doan euskara ikasteko aukera”.
Euskara ere izan du hizpide EH Bilduren buruak. Herrian ezagutza handia den arren, erabilerari buruzko kezka agertu du, etxeko erabilerarena batez ere. Ikastetxeek egiten duten lana aitortu du, baina herri mailan euskararen erabilera txikia dela-eta arduratsu azaldu da, “ikastetxeetan egiten den lana ezin dugu alferrik galtzen utzi. Euskara erabiltzeko baliabideak jarri behar ditugu, espazioak sustatu”.
Kulturari dagokionez, Hondarribia “herri aberatsa” zehaztu du alkategaiak, “denetik dugu. Baina askotan horiek ez dute zer eta nola egin. Azpiegiturarik ez dute. Harrotzen gara haien lanarekin kanpokoek aitortza egiten dutenean. Kultura ikuspegia are gehiago nabarmendu behar dugu, baliabideak sortuz”. Horrela, turismoari beste ikuspuntu bat eman behar zaiola ziur da, “zenbat eta gutasun hori areagotu, zenbat eta kultura aberatsagoa egin, zenbat eta euskaldunagoa izan, horrek are gehiago erakarriko du kanpoko jendea”.
Berdintasunaz ere hitzak izan ditu Erriondok: “Guztiok berdinak gara. Guztion elkarbizitza da sustatu nahi duguna. Feministak gara, gizonen eta emakumeen artean berdintasuna nahi dugu, izatez eta ekitez. Honetarako guztirako zuen laguntza behar dugu, zuekin batera egin behar dugu lan”.
Xabier Olano
Xabier Olano, agerraldian
EH Bilduren ahaldun izateko hautagaiak ere hitz egin du gaurko agerraldian. “Irribarrez eta ilusioz” lanean ari dela esan du Xabier Olanok, eta aurreko lau urteetan aldundian egin duen lanaren berri eman du, “lan astuna izan da, batzuetan nekagarria. Baina askotan poz handia eman dizkigu, norberak egindako lanarekin gustura eta beteta gaudelako, nahiz eta aldundira iritsi ginenean egoera zaila zen”.
Horrela, hondakinen gaian, fiskalitatean, garraio publikoan, azpiegituretan, gardentasunean, edo gizarte zerbitzuetan egin duten ahaleginaz adierazpenak egin ditu Olanok, “hitz emandakoa bete dugu”. Alta, Gipuzkoako langabezia egoera larria dela esan du, eta hori ekiditeko oraindik ere gogor lan egin behar dela.