Batzokian, hiriari egiten dioten ekarpena eskertuko die alderdiak, "ekarpen sozial zein ekonomikoa"
Lehen sektoreko langileekin lanketa egin du aurretik Irungo EAJk
Irungo EAJren ustez, berebiziko ekarpena egiten diote Irungo baserritar eta ekoizle txikiek hiriari, “ekarpen sozial zein ekonomikoa”. Irunen ezaugarri ekonomiko nagusiena ez da nekazaritza, baina landa eremuan “dedikazio eta sakrifizio handiz” lanean ari denik bada, horregatik, aitortza egingo die Xabier Iridoy buru duen alderdiak. Bihar (larunbata, hilak 26) Batzokiaren elkarte gastronomikoan egingo die omenaldia EAJk baserritarrei.
Egindakoaren aitortza bakarrik ez. Iridoyk hiriko lehen sektoreko eragileei azaldu nahi die, sektore hori “bultzatzeko konpromisoa” duela, “nekazal jarduerak kokatzeko garaian malgutasuna, erraztasuna era laguntzat eskainiz, eta azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak ahalbidetuz”. Izan ere, EAJk aurretik eginak ditu Irungo baserrietara bisitak, “haien kezkak eta beharrak ezagutu ditugu”.
Krisiak nekazaritzan eragin handia izan duela jakitun da EAJ, ondorioz, modernizatzeko inbertsio gutxi egin ahal izan direla abeltzaintzan batik bat. Horri aurre egiteko baditu proiektuak Irungo EAJk, eta aldi berean, gizartean eman diren kontsumo aldaketen gainetik, eskertu egin du EAJk “askok beren nortasuna eta bizimodua nekazaritzari eta abeltzaintzari lotuta mantentzearen aldeko apustua. Irunen ere horren adibideak baditugu”. Landa eremuaren eta hiriaren arteko distantzia garraio publiko bidez lausotzeko eginahala agin du, era berean alderdi jeltzaleak.