Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara aurkeztu duen zerrenda osatzen duten 27 lagunen argazkia egin du Abotsanitzek. Hautes zerrendako argazkia egin du Abotsanitzek
Abotsanitzek 27 pertsonako zerrenda aurkeztu du
Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara aurkeztu duen zerrenda osatzen duten 27 lagunen argazkia egin du Abotsanitzek. Komunikabideei bidalitako oharrean nabarmentzen duenez, “Hondarribian aurkezten diren alderdi guztien artean bakarra da legeak baimentzen duen hautagai kopuru altuena aurkeztu duena”, eta “herrigintzan eta udaletxean eskarmentu handiko gizon emakumeak” direla gaineratu du.
Ortzi Alonso Murelaga da Aitor Kerejeta alkatearen ordezko izateko Abotsanitzek proposatu duen pertsona. Alonsok 36 urte ditu eta Jaizkibel Mendia Babes Dezagun talde ekologistako bozemailea da, “Psilocybe musika elkartean 15 urtez ibilitakoa, kirol talde ezberdinetan ibilia eta herrigintza ongi ezagutzen duen laguna”.
Zerrendako bigarrena Juanito Ortiz da, egungo legealdi hasieran Bilduren zinegotzi izandakoa. “Udala barrutik ongi ezagutzen duen pertsona” bezala aurkeztu du Abotsanitzek. Ortizekin batera zinegotzi izandako Ibai Labaien ere ageri da zerrendan, seigarren tokian.
Alonso eta Ortizekin batera, Igor Enparan, Estitxu Urtizberea eta Lupe Queiruga doaz Abotsanitzen hautes zerrendako lehen bost postuetan. Enparan “lan harremanetan aditua” da, Urtizberea “moda munduan irakaslea”, eta Queiruga, Txingudiko Zerbitzuak-en lan egiten duen “administratiboa”.
Egoitza, San Pedro kalean
Komunikabideei bidalitako oharrean jakinarazi duenez, maiatzaren 24ari begira egoitza ireki du Abotsanitzek San Pedro kalean, Azeri elkartearen goiko pisuan. “Ateak zabalik edukiko ditugu egoitza honetan, Abotsanitz eta gure proiektua ezagutzera emateko eta hondarribiarren ekarpenak jasotzeko”, gaineratu dute.