Bertso tailer olinpikoa egingo dute Gazte Xaian, Xamoa oiartzuarrarekin
Gazte Xaian egingo dituzte bi saioak, Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa' bertsolariaren gidaritzapean
Olinpiaden azken saioan, larunbatean, taldeen zereginetakoa izango da bertsotan aritzea. Hala, lehenik taldeak koplatan ariko dira (seinaka eta ofizioan), eta horietan onenen ibiltzen direnek final antzekoa egingo dute, bat-batean eta puntuka. Antolatzaileek taldeek ahalik eta bertso onenak bota ditzatela nahi dute, hortaz tailerra antolatu dute: gaur (asteartea) eta etzi (osteguna) egingo dituzte tailerraren barruko saioak, biak ala biak 19:00etan eta Gazte Xaian. Arkaitz Oiartzabal Xamoa bertsolari oiartzuarrak gidatuko ditu bi entseguak. Hasiberrientzako da trebatzea, bertsotan hasiera-hasieratik hasteko eta kopla bat egiten jakin ahal izateko. Irekia da, edonork parte har dezake. Bi prestakuntza saioen ideia iazko finaleko saiotik dator. Antolatzaileek nabarmendu dute taldeek “uste baino hobeto” erantzun ziotela erronkari, baina hala ere aurreko urtekoak hobetzeko asmoa badute. Iaz, azken egunean egin zuten bertso proba, bazkariaren ondotik.