
Unioneko jokalariak, larunbatean, udaletxean, koparekin.
Kopa eskuan, eta igoerarako play-offa ziurtatua. Aste oso emankorra izan da Real Unionentzat aurrekoa. Festak ez du etenik futbol taldean, bolada onean daude, haizea alde. Hori baliatu behar dute Bigarren Mailara igotzeko borrokan.
Larunbatean udalaren harrera izan zuten jokalari, langile eta zuzendaritzako kideek. Ospakizun xumea izan zen larunbatekoa, hunkigarria, baina ez sekulakoa, atzo, ligako partida oso garrantzitsua zutelako Galen. Eta hala izan zen: ia 3.500 zaleren aurrean partida latza izan zuten Real Madrilen bigarren taldearen kontra.
Bitan jarri zen aurretik Irungo taldea, eta bitan berdindu zuen lehia Madrilgo taldeak. Hasieratik hasi zen ondo partida, 4. minutuan Galanek penaltiz sartutako gol bati esker 1-0ekoa jarri zutelako markagailuan. 1-1koa iritsi eta berehala, gainera, Juan Dominguezek egin zuen 2-1ekoa, eta bigarren zatiko 12.enean Aguzak 2-2koa egin arren, etsi beharrean, aurrera egin eta Galanek berriz ere egin zuen garaipenaren gola, 3-2koa.
Aste magikoa bukatu da Irunen. Sasoi magikoa izan dadila, ia play-offa ziurtatuta duelako Aitor Zulaikaren taldeak, eta hori baliatu behar duelako taldea berriz ere handi izateko bidean jartzeko.