Iazko datuak gainditzen ari da Irunbus
Irungo Udalak urteko lehen hiru hilabeteetan hiri barruko autobus publikoak zenbatek erabili dituzten jakinarazi du: 392.503 bidai egin dituzte irundarrek. Hau da, iazko kopurua %3an gainditu dute aurtengo datuek.
Urtarriletik martxo bukaerara gehien erabili den linea L-1a izan da, 290.743 bidaiarirekin; Zaisa-Ospitaleak linea da hori. L-2k, berriz, 82.672 erabiltzaile izan zituen (erdialdea eta Katea auzoa batzen dituen autobusa da), eta L-3k 18.181 irundarri eman zien zerbitzua. Gautxori autobusa 907 pertsonak hartu zuten. Linea guztiek izan dute gorakada iazko lehen hiru hilabeteetako datuekin alderatuta.
Udalak baikor baloratu ditu datuak. 2012n lineen bidea aldatu zenetik erabiltzaileen kopuruak etenik gabe gora egin duela esan du, eta gainera, balioan jarri nahi izan du landa eremuko biztanleei ematen zaien garraio publiko zerbitzua. Horrez gaion, datu bat erabili du udalak Irunen gertatzen ari dena baikor izateko modukoa dela esateko: “Espainiako Estatuan garraio publikoaren erabilera %2,7 jaitsi da”.