Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorrarekin talka egiten duten hainbat gai daudela esan du gobernu taldeak
Trenbide eremuaren harira iritzi ezberdinak dituzte udalak eta Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak landu duen, eta atzo (asteazkena) udalei Donostian aurkeztu zien Donostialdea-Behe Bidasoa Lurraldearen Zatiko Planak (LZP) Irunen autonomia “inbaditzen” duela esan dute gobernu taldeko ordezkariek. Hori esateko Miguel Angel Paez Hirigintza ordezkariak Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorra esku artean izan du, esanaz, Jaurlaritzaren ordenazio egitasmoak ez dituela errespetatzen Zubieta-Urdanibia nahiz trenbide eremurako «hiriak dituen asmoak».
Paezek esan du 1990ko hamarkadaren hasieran hasi zela Jaurlaritza dokumentu hori lantzen, «eta orduko akats berberak izaten jarraitzen du. Gainera, bertan jasota dauden hainbat egitasmo ez dugu ulertzen zergatik ez dituzten kontsultatu udalokin. 20 urtez bueltaka gaiarekin, 16 urte iraungo duen egitasmo baterako”.
Paezek nabarmendu du LZPren lanketa berezia egiten ari direla udaletik, bederatzi arlotan zehazki, “eta bertan lantzen ari gara zer nolako Irun nahi dugun, irundar guztiok erabakita nora goazen, Jaurlaritzaren hainbat asmori oposizio eginez”.
Udalak esan du espero duela Jaurlaritza udalerriekin eseriko dela hitz egiteko, “LZP honek Gasteiztik erabaki dezake zer nolakoa izan behar duen hiriaren garapenak. Oso larria da hori, Irunen onartutako plan bat atzera bota dezakeelako”.