Gal erdian, jokalariak, koparekin
Txapeldunak. Real Unionek Federazio Kopa irabazi du, CD Castellon taldeari Galen 3-0 irabazita (4-0 joaneko partidaren emaitza batuz gero). Sekulako balentria izan da Irungo taldearena, nahiz eta partida espero baino errazago joan den. 100 urte beteko ditu aurten talde txuri-beltzak: kopa bat badute gutxienez ospakizunetarako, 2014/2015eko Federazio Kopa.
Angel Maria Villarren eskutik, Galeko palkoan, jaso du Xixa Otermin kapitainak kopa. Pozik, garaikurra ia zeruraino altxa du atezainak. Zaleak, inguruan, txoratzen. Merezitako kopa izan da, era justuan irabazi du.
1-0ekoa partida hasi eta berehala egin du Aritz Mujika antxotarrak, 2-0ekoa 72. minutuan Mikel Alonsok, eta azken gola, 3-0ekoa deskontu minutuetan Iñaki Goikoetxeak. Dena izan da ederra Galen. Orain, hiriko kaleetara zabalduko da festa, merezitako festa.
Igandean Real Madrid-Castilla jasoko du Galen, ligan, Unionek. Ez dute liga begibistatik kendu behar, hori baita sasoiko lehen helburua: 2. Mailara igotzeko borroka egitea. Zorionak, Union!