Hondarribiko Sarek "dispertsioa ezagutarazi eta erabaki politiko hori amaitzeko eskaera egiteko" ekintzak antolatu ditu ostiralerako Amuten eta larunbaterako Gazte Xaian. Arratsaldez egingo dira biak eta jendetsuak izatea nahi dute.
Hondarribiko Sarek dispertsioaren kontrako ekimenak antolatu ditu ostiral eta larunbaterako. Euskal Herri osoan egingo dira “euskal presoei ezarritako dispertsioa ezagutarazi eta erabaki politiko hori amaitzeko eskaera egiteko” ekintzak eta horien barruan kokatzen dira ostiralean Amuten eta larunbatean Gazte Xaian egingo direnak. Sarek dei egin die herritar guztiei parte har dezaten, “ekimenak jendetsuak izanda aberasgarriagoak eta indartsuagoak izango direlako”.
Azaroan aurkeztu zuten Sare herrian
Oso desberdinak dira ostiral eta larunbaterako antolatu dituzten jardunak. Ostiralean, Amute-Kosta Auzo Elkartearen egoitzan, dispertsioaren nondik norakoak azaltzen dituen bideo bat proiektatuko dute. “Erpin asko dituen gaia da, presoak, senideak, hurbilekoak, hauen ingurukoak ukitzen dituen gaia. Guzti honi buruz hitz egingo dugu”, azaldu du Hondarribiko Sarek.
18:00etan hasiko da ekitaldia. Denek joateko aukera izan dezaten, haurrentzako jolasak antolatuko dituzte ostiral arratsaldean Amuteko elkartean.
Larunbatean, irratsaioa
Larunbatean Puntalera mugituko dira dispertsioaren kontrako asteburuko programa, Gazte Xaiara. 18:30etik aurrera, irratsaioa eta solasaldia egingo ditu Sarek, honako bi gaiak lantzeko: gaixo diren presoak, batetik, eta “emakumea eta kartzela, bi kondena”, bestetik. “Berez espetxeetan gertatzen diren baldintzei dispertsioa, distantzia, urruntasuna gehitzeak, horrek guztiak eragiten duena landuko dugu, gaixo dauden presoen ikuspuntutik eta preso dauden emakumeenetik”.