Oinez zein bizikletarekin Behe Bidasoa lotuko duen bidegorria egiteko konpromisoa hartu du jeltzaleak; Hondarribia, Irun eta Hendaia lotuko lituzke bide berriak.
Iridoy jeltzalea goizeko agerraldian, Batzokian
Xabier Iridoy Irungo EAJren udal taldeko bozeramaileak eta alkategaiak bidegorriaren aldeko apustua babesten jarraituko dutela adierazi du gaur goizean komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Jeltzalearen arabera, turismoarentzako “onuragarria” izateaz gain, “eskualdearen eta hiriaren mugikortasuna hobetzen du” proiektuak.
Bidegorria Plaiaundi institutuaren atzealdetik igaroko litzateke
Hala, Hondarribiko bidegorria jarraituta, Mendelu industriagunearen atzealdetik igaroko litzateke bide berria, Zubimuxuko ubidea igaro eta Plaiaundi institutuaren atzealdetik iritsiko litzateke Irunera. Handik, Pierre Loti ibilbidea jarraituko luke, Adifen eta Euskotrenen burdinbidera iritsi arte. Iridoyk azaldu duenez, “lur azpitik igaroko litzateke bidea” puntu horretan eta Bidasoko Interpretazio Zentroan amaituko litzake.
Hori horrela, Pinudi eta Antzaran auzoak Santiago, Dunboa eta Palmera-Monterorekin ere lotuko lituzkeela bidegorriak nabarmendu du jeltzaleen bozeramaileak.
EAJren udal hauteskunde programaren “proiektu nagusienetakoa” dela nabarmendu du jeltzaleak. “Orain dela bi urte hasi ginela proiektua garatzen Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean”. Proiektua “estrategikoa” da haren aburuz, eta horregatik “erakunde eskudunen sostengua” eskatu du.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak aurreproiektua esleitu izana txalotu du Iridoyk eta oroitarazi duenez, “2015eko aurrekontuetan 100.000 euroko diru saila bideratuko da proiektuan urratsak egin daitezen”.