Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoak deituta, martxa errepublikanoa eta bazkari herrikoia izango dira Irunen.
Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoko kideak errepublikaren aldeko manifestazioan
Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zutela 84 urte beteko dira datorren apirilaren 14ean, eta hori gogora ekartzeko asmoz, hamaika dira han-hemenka antolatu dituzten ekitaldiak. Irungo kasuan, Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoak deituta manifestazioa eta herri bazkaria izango dira hilaren 12an, igandearekin.
Hala, 12:30ean finkatu dute martxa errepublikanorako hitzordua, Zabaltza plazan, “errepublikanoen antzinako zentrotik”. Irungo kaleak zeharkatu ondotik, txalaparta doinuek lagunduta San Juan plazan amaituko da martxa. Bertan komunikatu bat irakurriko dute errepublikanoek eta ohorezko aurreskuaren ondoren, bandera errepublikanoa altxatuko dute, Riegoren ereserkia aditzen den bitartean.
Behin martxa bukatuta, herri bazkaria izango da Txalaka jatetxean. 25 euroan finkatu dute prezioa eta ondokoa izango da menua: ganba handiak, txangurro hostopila, legatza errea, azpizuna patata eta piperrekin, postrea, kafea ardoa eta sagardoa.
Azkenik, Irungo herritar guztiak bandera errepublikanoak etxeko leiho eta balkoietan zintzilikatzera animatu nahi izan dituzte Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoko kideek.