Haurrei zuzendutako euskarazko 3D multimedia emanaldia izango da etzirako antolatu dutena Amaia KZn, 17:00etan abiatuta.
‘Barbantxo’ antzezlanaren irudi bat
Logela Multimedia konpainiak
Barbantxo euskarazko antzezlana aurkeztuko du etzi Amaia Kultur Zentroan. Haurrei bideratutako 3D multimedia ikuskizuna da larunbatekoa. 17:00etan hasiera emango diote eta sarrerak 4,10 euroren truke eskura daitezke alde aurretik turismo bulegoan eta
interneten, edo Amaia KZko leihatilan egunean bertan.
Konpainiak azaldutakoaren arabera, “euskal tradizioaren ahozko ipuin asko bildu zituen Barandiaranek, eta horien artean badira batzuk pertsonaien tamaina txikia komunean dutenak”. Ildo horretan, Logela Multimediak “ipuin horien pasarte batzuk moldatu eta
Barbantxo egitasmo multimedia jarri du abian”. Ikuskizunak hiru osagai uztartzen ditu: 3D antzezlana, ipuinaren argitalpena eta musika sorkuntza.
Sinopsiak dioenez, ama gaixo du ohean Barbantxok eta basoan lanean ari den aitari bazkaria prestatu eta eramango dio. Bidean egon litezkeen arriskuak hobeto ikusteko 3D betaurrekoak ematen dizkio amak Barbantxo txiki eta bihurriari. Barbantxorekin batera publikoak ere betaurrekoak jantzi beharko ditu eta horrek “irudi garaikideen eta ilustrazio tradizionalaren arteko zubia” sortuko du.