Irungo Lanbideren bulegoaren ataria
Otsailetik martxora langabeziak 32 pertsonatan gora egin du Irunen, eta 33tan behera Hondarribian. Hortaz, Bidasoan pertsona bakarrean jaitsi da tasa azken hilabetean. Ondorioz, 5.214 pertsona daude lanik gabe egun Irunen (%17,5eko tasa) eta 929 Hondarribian (%11,2ko tasa). Iazko martxoaren bukaeran 5.399 pertsona zeuden lanik gabe Irunen (%18,4) eta 1.023 Hondarribian (%12,6).
Sektoreka, datu adierazgarriak daude Bidasoan. 2014ko martxotik aurtengora, langabezia gehien jaitsi den sektorea industriakoa da, %14,1eko beherakadarekin, eraikuntza (%9,8ko beheraldia) eta zerbitzuen (%3,2ko jaitsiera) sektoreen aurretik. Hala ere, azken sektore honek biltzen ditu langabe gehien Bidasoan, martxoaren bukaeran 4.373 orotara.
Adinari erreparatuz, 25 urtetik beherako 430 gazte zeuden lanik gabe martxoaren bukaeran Bidasoan, 25-45 laginekoak 2.962 ziren, eta 45 urtetik gorakoak 2.750.
Datu horiekin, Bidasoa da Gipuzkoako eskualdeen artean langabezia tasarik altuena duen eskualdea, %16,2ko tasarekin. Zerrenda horretan bigarrena Debabarrena da (%15) eta hirugarrena Oarsoaldea (%14,78). Gipuzkoako tasa %13,3koa da.