Ostiralean aurkeztu zuten Gazte Martxa
“Esperientziak elkartrukatzeko, harremantzeko, kezken eta nahien inguruan hitz egiteko”, Oarso Bidasoko Ernaik eta Ipar Euskal Herriko Aitzinak apirilaren 3tik 5era egingo den mendi martxara joateko eskatu diete gazteei, “pertsona askez osaturiko Euskal Herri aske baterako bideari ekiteko”. Ostiralean aurkeztu zuten Oarso Bidasoko gazteek martxa. Bertakoa da irudia.
Hiru egun horietan euren helburuak betetzeko hainbat baliabide izango direla adierazi dute bi gazte antolakundeetako ordezkariek, kultura, hezkuntza eta aisia uztartuz. Hala, apirilaren 3ko goizean abiatuko dira martxalariak Lekunberritik, Irurtzunen gaua pasa eta hurrengo egunean Berriozarreraino iristeko. Handik, azken egunean (apirilak 5, igandea), Iruñean egitekoa den Aberri Egunarekin bat egingo dute, hara kalejiran joanaz.
Oarso Bidasotik autobusak antolatu dituzte martxaren irteera punturaino, Lekunberriraino joateko. 25 euroko prezioarekin, bidaia eta martxako bonoa ordain daiteke. Honako tokietan daude bono horiek salgai:
- Irunen, Hazian.
- Errenteria-Oreretan, Landaren.
- Lezon, Tiñelun.
- Oiartzunen, Amazkarren