2012ko azarotik bankuekin izandako arazoen ondorioz 35 lagunek bere buruaz beste egin dutela gogora ekarri zuten.

Peñaren heriotzaren harira atzo egindako elkarretaratzea
30-40 bat lagun elkarretaratu ziren atzo iluntzean Laboral Kutxaren Colon pasealekuko egoitzaren aurrean, Bidasoko Stop Kaleratzeak taldeak deituta. Miren Peñaren heriotza salatzeko egin zuten herritarrek kontzentrazioa. Agerraldi isila izan zen atzokoa, komunikaturik gabekoa, herritarren hitzik gabekoa. Soilik pankarta bat eta bi kartel. Horietako batean argi uzten zuten euren protesta: 2012ko azarotik “35 hilketa” leporatzen dizkiete bankuei.
Antsoaingoa (Nafarroa) zen Peña eta 43 urte zituen. 20 urteko alaba bat ere zuen.
Haren hipoteka negoziatzearen aurkako gutuna jaso zuen emakumeak eta azkenean bere buruaz beste egitea erabaki zuen. Laboral Kutxak dolumina helarazi die senide eta lagunei, eta
etxetik botatzeko prozedura ez zuela hasi adierazi du.