IAk deituta, LOMCE eta Heziberriren kontrako mobilizazioak egin dituzte aste honetan.
Errenteria-Oreretako mobilizazioa
Espainiako Gobernuak nahiz Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hezkuntza erreformen kontrako mobilizazio astea egin du Ikasle Abertzaleak (IA) ikasle erakundeak aste honetan. Aste osoan informazio saioak ikastetxez ikastetxe egin ondoren, Oarso Bidasoko ikasleek itxialdia egin dute atzotik gaurko goizera arte Pasaia-Lezo Lizeoan, eta eguerdian manifestazioa egin dute Errenteria-Oreretan: ehunka ikasle bildu dira.
Murriztaileak, euskal hezkuntzaren kontrakoak eta “kanpoan egindakoak, hemengo interesetatik at” direlakoan, LOMCE eta Heziberri, Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren hezkuntza erreforma proposamenak, hurrenez hurren, izan dituzte kontrakotasuna adierazteko iturri nagusi ikasleek. IAko kideek esan dutenez, Heziberri LOMCEren “kopia” da, Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen erreformaren “egokitzapena”, eta horren kontrako borrokan “eta euskal hezkuntza sistema propioa eratzeko borrokan” denbora luzea daramatela gogorarazi.
Oarsoaldeko eta Bidasoko ikastetxe guztietan egin dituzte mobilizazioak eta grebak. Baina Oarso Bidasoko IAko kideek zehaztu dutenez, “Oiartzungo Haurtzaron ez dute greba egiteko eskubiderik”, hortaz, mobilizazioekin bat egin duten ikasleek “desobedientzia” erabili dutela azaldu dute ikasleen eledunek.
Oarso Bidasoko IAko kideak pozik agertu dira hezkuntza erreformen kontrako jarduerek izan duten jarraipenarekin.