Egitaraua osatzen ari dira oraindik Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkartea, Irungo Udala eta auzoko hainbat elkarte elkarlanean; larunbateko azokarekin batera hasiko direla ospakizunak aurreratu dute.
Urdanibia plazako lanak hil honen bukaeran amaituko dira
Urdanibia plazako lanak bukaerara iritsiko dira hil honen azken astebukaeran, eta hainbat hilabetetan zehar luzatu den obraren amaiera ospatze aldera, egitarau berezia antolatzen ari dira elkarlanean Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkartea, Irungo Udala eta inguruko elkarteak.
Egitaraua lantzen ari direla eta, ez dute guztiz ezagutzera eman nahi izan. Gorka Alvarez auzo elkarteko ordezkariak agerraldian adierazi duenez, publiko orori zuzendutako jarduerak antolatzen ari dira: “Kontua da irundar guztiek interesgarria den zerbait aurkitu ahal izatea asteburu horretan Urdanibiako gune berria partekatzera etor daitezen”.
Hala, larunbateko azokarekin batera ekingo diete ospakizunei. Aurreratu dutenez babarrun jatea izango da 15 euroan. Txartelak bihartik aurrera eskura daitezke La Salle elkartean, Kurpil Kirolak-en egoitzan, Motor Elkartean, Lasa harategian eta Kandi belar-dendan.