Etiopian proiektuak finantzatzeko 10 kilometroko proba egingo dute etzi hainbat herritan. Hondarribian familien proba ere egingo dute, 2,7 kilometrokoa.
Iazko ekitaldiko Walmarako lasterketa
Igandean 10 kilometroko lasterketa egingo dute Walmaran (Etiopia) eta sailkapeneko lehen postuetan hondarribiarrak sailkatuko dira. Ez hango lasterketan, baina bai ordu berean eta distantzia bera jokoan Hondarribian egingo den proban. Izan ere, Abay GKEak antolatuta, hainbat lasterketa egingo dituzte ordu berean hasita, Walmaran elkartasun proiektuak finantzatzeko. 10:00etan hasiko dira lasterketa guztiak.
Euskal Herrian Laudion (Araba) eta Hondarribian antolatu dute IRT (
in real time, ordu berean) Run with Etiopia lasterketa. Iaz egin zen lehen ekitaldia eta Hondarribia izan zen euskal egoitza bakarra. Hori ez ezik, Espainiako Estatuan diru gehien jaso zuena hemengoa izan zen, eta gainera beste inon ez zen egin Hondarribian burutu zen familien proba. Aurten ere egingo da, 11:15ean, 2,7 kilometroko distantzian.
IRT lasterketa bakoitzak bere irabazlea eta sailkapen propioa izango du, baina lasterketa guztien denborak gurutzatuko dira eta sailkapen bateratu bat izango da. Iaz Gerardo Amunarrizek irabazi zuen Hondarribiko proba gizonetan, eta Claudia Behobide egin zuen emakumeen denborarik onena. Emakumeen sailkapen bateratuko lehenengo bostak Walmarako proban lehiatu ziren eta Behobide zazpigarren geratu zen. Gizonetan. hamar denbora onenak Etopiako proban lortu zituzten, eta Amunarriz hamalaugarren izan zen.
Helburu solidarioa
Bilduko den diru guztia Walmaran nekazaritza jasangarriari lotutako proiektu batera bideratuko dute, ureztatze sistema bat, nekazaritza dibertsifikatu eta walmararren elikadura aberasteko.
Izena eman nahi duenak eta informazio gehiago behar duenak
kirolprobak.com webgunean eskuratu dezake:
Proba nagusian parte hartzeko prezioa 16-18 eurokoa da (txiparen arabera), eta
familia arteko elkartasun lasterketan korrika egiteko, 7 euro kamiseta gabe, eta 12 euro elastikoarekin.