Hondarribiko eta Irungo udalek, jaurlaritzak eta Euskadiko Parkeen sareak hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Parke Teknologikoa Zubieta-Urdanibian zabaltzeko. Lehen proposamena egin zenetik zortzi urte pasa dira.
Lau erakundeetako ordezkariak, hitzarmena izenpetzeko orduan
“Lehen urratsa da”, hitz horiek aukeratu zituzten Irun nahiz Hondarribiko alkateek atzo goizean, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea Zubieta-Urdanibiara zabaltzeko hitzarmenaren sinatze ekitaldian. Beraiekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua eta Euskadiko Parkeen Sareko presidente Jose Miguel Corres eseri ziren mahaian, “etorkizunerako oso garrantzitsua” izango den proiektuari beharrezkoak dituen lau hankak ezarriz.
Zenbakitan, 515.000 metro koadroko azalera hartuko du parkeak, 365.000 Hondarribian, aldundiaren jabetza duen Zubieta lur eremuan, eta beste 151.000 Irunen, Urdanibian. Horietatik, 365.000 metro koadro jarduera ekonomikorako erabiliko dira eta 10.000 eta 12.000 lanpostu artean sortzeko gaitasuna izango duela uste dute. Urdanibiako mugen barruan kokatuko lukete ere, Plaiaundiko egungo azpiegiturak ordezkatuko lituzkeen kiro gunea, ospitalearen eta biribilgune berriaren artean, hain zuzen ere.
Atzoko hitzarmenarekin, errealitate bihurtu da orain zortzi urte Hondarribiko udalak Miramongo parkeko arduradunei eginiko proposamena. Irun geroago batu zen, Euskadi Parkeen Sarearen ustez Zubietako lurra txikiegia zela jakin eta bi alkateak proiektua bateratzeko hitz egiten hasi zirenean. “Ordu erdi iraun zuen bilera hark, adostasuna segituan lortu genuen”, gogora ekarri zuen Santanok. Une horretatik aurrera bidea elkarrekin egin dute bi udalek, nahiz eta bakoitzak bere etxeko lanak egin behar izan dituen. Besteak beste, bi udalbatzetan onartu dute hitzarmena aurretik eta plan orokorretan moldaketak egin behar izan dituzte. Hondarribian, atzo bertan onartu zuten Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), sinatze ekitaldiaren aurretik.
“Denbora handia” eman du
Pozik azaldu ziren bi alkateak komunikabideen aurrean. Kerejetak “etorkizunerako proiektua” dela nabarmendu zuen, eta zortzi urte behar izan direla hitzarmena adosteko: “Proiektu oso landua da, denbora handia eman duena”. Hondarribiko alkateak argitu zuenez, “lehen urratsa” izan da gaurkoa, baina oraindik eraikitzen hasteko denbora beharko da. Konpatibilizazio plangintza landu behar da aurrena, ondoren lurrak erosi, eta hirugarren urratsa izango da lehen harria jartzea.
“Egun garrantzitsua” izan zen Santanorentzat ere, eta «epe ertaineko» proiektua dela erantsi zuen: “Erakundeetan askotan gaurtik biharko egiten dugu lan, baina lanik baliagarriena epe ertainera begira egiten dena da. Bi udaletan lan handia egin dugu, eta gaur errematatzera gatoz, gobernuaren presentziarekin”. Irungo mandatariaren arabera proiektua Bidasorako eta Bidasotik jaioa dela funtsezkoa da: “ona da gu gure kabuz gai izatea zer nahi dugun erabakitzeko, eta hori da egin duguna”.
Ekonomia sailburuak bi alkateak zoriondu zituen eta egindako lana eskertu zien. Arantxa Tapiaren hitzetan, “bi udalen inplikazioari esker” zabalduko da Miramongo parkea Bidasora: “lan tekniko handia dago atzetik”. Eskualderako ez ezik, EAErako albiste positiboa dela adierazi zuen: “Enpresak iritsi arretik lurra prestatu behar da, etorkizuna prestatzeko ezinbestekoa da hori, are gehiago I+D+I arloan, gutxi barru egiten dugun edozein gauzetan eragina izango baitu”.