Datozen asteetan dinamika bera mantenduko dutela eta bi mahai-inguru egingo dituztela aurreratu du Iridoyk
Iridoy jeltzaleen bozeramailea osoko bilkuran
Irunerako hiri proiektua definitzen ari da Irungo EAJ azken hilabeteetan. Hiriko eragile ezberdinekin bilkurak egin ditu horretarako Xabier Iridoy EAJren udal taldeko bozeramaileak eta datozen udal hauteskundeetarako alkategaiak, eta horien “balorazio positiboa” egin du gaurkoan jeltzaleak.
Iridoyk Irungo “errealitatea gertutik ezagutzea eta arlo ezberdinetan dauden beharrak entzuteko” helburuarekin gauzatu ditu bilkurak. Bozeramaileak azaldutakoaren arabera, “enpresa oso ezberdinak bisitatu ditugu, baita zaharren egoitzak ere. Hiriko merkatariekin bildu gara; garraio eta logistikari lotutako enpresetako ordezkariekin, gure hiriko ekonomian eragin handia duen sektorearekin topaketak antolatu ditugu; eta Irunen euskarak bizi duen egoera jorratu dugu bertako hizkuntza errealitatea ondo baino hobeto ezagutzen duten pertsona eta adituekin”.
Ildo horretan, datozen asteetan dinamika bera lantzen jarraituko duela adierazi du jeltzaleak; era berean, bi mahai-inguru antolatuko dituztela aurreratu du.