WiMi5 Plataformak lehiaketa antolatu zuen maiteminduen egunari begira. Helburua, sortu duten produktua, WiMi 5a, sustatzea. Parte hartzaileek WiMi5 programa erabilita bideojokoa sortu behar zuten, WiMi5 Labs orrialdean publikatu, eta twiterren partekatu. Horrela egin zuen Iker Martin irundarrak eta lehen saria irabazi du. Diseinatzaile mekanikoa da Martin, bazkide batekin batera enpresa du, eta WiMi5 programak ingeniaritza sortzaileari begira atal berria sortzeko aukera eman diezaiokela uste du.
Bi hilabete eta erdi inguru eman omen ditu Martinek bideojokua lehiaketarako prestatzen eta ez omen zuen espero irabaztea mundu mailan antolatutako lehiaketa. Saria, Interneten 1.000 euroko web trafikoa da. Irabazteak poza eragin dio Martini, baina batez ere lana: “
Facebook orria sortu behar izan dut korrika eta presaka sortu dudan jokoa promozionatzeko, eta oraindik prest ez badut ere, astebetean amaituta izango dudala espero dut”.
Programatu gabe, sortzaile
WiMi5 programak programazioaren gaineko ezagutza handirik ez duen jendearentzat lagungarri dela esan du Martinek: “HTML 5 hizkuntzatik abiatuta garatu dute programa. Hizkuntza hori web orriak egiteko eta telefono mugikorretan erabiltzen da”.
Jokoari dagokionean berriz, hipopotamoa da protagonista Martinek sortu duen jokoan, “kohetea du lotuta bizkarrean eta beste hipopotamo batzuen gainean salto eginda bidea egiten joan behar du. Gasolina amaitu aurretik heldu behar du depositua betetzera”.
Momentuz WiMi5 plataforman dago zintzilikatuta (free2play) doakoa den
jokoa, probatu nahi duen ororentzat.