Txingudi Zerbitzuen arabera bosgarren edukiontzia "erabakigarria izan da" Irun eta Hondarribian birziklatze tasa igotzeko
Bidasoa eskualdeak %2,2 igo du birziklatze tasa 2014. urtean eta horrenbestez, bertako biztanleek %40,9 birziklatzen dute. Txingudiko Zerbitzuek eman dute datua, egindako urteko balantzearen aurkezpenean. Gai organiko begetalak biltzeko bosgarren edukiontzia erabakigarria izan da Txingudi Zerbitzuen arabera Irun eta Hondarribian birziklatze tasa igotzeko.
Beste zatikien birziklatze tasek ere gora egin dutela nabarmendu dute, bestalde. Hala, ehunak %8ko igoera izan du, ontziek %4,9koa; beirak %3,5koa eta paperak %1ekoa.
Tona gutxiago zabortegira
2014. urtean 23.946 tona hondakin eraman zituzten zabortegira, aurreko urtean baino %1,58 gutxiago, “ingurumenarentzat onuragarria izateaz gain, zabortegiratze kostuak murriztu egin ditu, esan du Leire Zubitur, Txingudiko Zerbitzuetako kudeatzaileak. Irunen eta Hondarribian sortutako etxeko hondakinak iaz baino %3,7 gutxiago izan direla gaineratu du baina lantegietan %11 igo direla.”Balantzearen emaitzak positiboak dira, hobetzen ari garela erakusten digute, hondakin gutxiago sortzen dira eta herritarrek gero eta gehiago bereizten dute. Halere, lanean jarraitu behar dugu oraindik tratamendurik ez duten eta zabortegian bukatzen duten hondakinen %59 hori murrizteko”, gaineratu du Zubiturrek.
Horren harira aurten organikoa gaika biltzeko lanean hasi direla azaldu du Zubiturrek, “eskoletako jantokietan, egoitzetan eta ospitaletan ari gara momentuz”.