Martindozenea ezagutzera emateko bideoa egin dute gazteek
Irungo gaztelekuko erabiltzaileak dira spotaren egile eta protagonista
Atzo aurkeztu zuten bideoan Martindozenea Gaztelekuko erabiltzaileek bertan egiten diren tailerretan ikasitakoa eraman dute praktikara. Stop Motion teknikaren bidez egindako ikus-entzunezkoarekin gaztelekua osatzen duten pertsonak, jarduerak eta espazioak erakutsi nahi izan dituzte.
Martindozeneako hezitzaileek bideoa ezagutzera emateko agerraldian jakinarazi dutenez, “gune honetan markatzen ditugun helburu nagusien artean dago bertako gazteen ezinegon, egitasmo eta proposamenei bide ematea. Kasu honetan gazteen proposamena bikain egokitzen zitzaion helburu horri”.
Bideoaren ekoizpena eta edizioa koordinatu ditu Iraitz Arabolaza irundar gazteak. Orotara, ordu beteko zortzi saio behar izan dira ikus-entzunezkoa burutzeko, eta 25 gazte inguruk hartu du parte bertan.